DV. Sustrai Colinak irabazi zuen atzo Tolosan jokatu zen finalaurrekoa. Saioa ez zen ikaragarria izan, baina txarra ere ez. Seietan erregularrena izan zen atzoko garailea, eta Uxue Alberdi bigarrenak ere antzera kantatu zuen. Nabarmendu gabe hasi zen, baina bukaeran gora egin zuen. Elortzari, poto bat medio, bigarren itzulirako lanak zaildu egin zaizkio. Zubeldiarena ere sorpresa izan zen, jasotako puntuak gutxitxo irudituta joan zen bat baino gehiago.
Zortziko txikiko gaia tokatu zi-tzaion neurrikoa Zubeldiari, eta laguna ere bai, atzoko irabazlea. Euskaldun zaharra izanagatik, EGA azterketa egitera joan zen bosgarren aldiz. Eta bosgarren aldiz Colina aztertzaile tokatu. Aztertzailea ataka estuan jarri zuen zegamarrak, «artxarea» zer zen galdetuta, baina uruñarra maisua da leku estuenetatik ateratzen: «Nik ezin dizut esan zer dan 'artxarea', / suspenditu duzula badakit ordea». Funtzionario izan nahi zuela ere leporatu zion, eta honela bukatu zuen zegamarrak: «Maisu, esango dizut euskera garbian: / Ditxosozko diploma sartu ipurdian». Ederki eman zion buelta Colinak: «Ta euskera garbia al da ipurdikoa? / Nota nahiko bazendu neurri neurrikoa, / emaidazu propina kategorikoa: / Euskera jatorrean 'urdaiazpikoa'».
Colinak, hala ere, seiko mo-tzean jaso zituen puntu gehien. Agirreazaldegi eta biak gurasoen zilarrezko ezteietarako bideo bat prestatzen ari ziren. Gaztetan hildako anaiaren irudiak sartu nahi zituen urruñarrak, baina elgetarra ezezkoan zegoen. «Ta Beñaten oroimena / ezabatzea onena. / Ospa dezagun lortu dutena ez galdu dutena», bota zion Agirreazaldegik lehen bertsoan, eta honela erantzun zuen: «Somatzen zaitut arraro, / ezin egonen arrago, / heriotzetik nahiz ta hamabost bat urte igaro. / Beñat, pikaro pikaro, / agertu beharra dago. / Gogoratzeak min ematen du, ahazteak gehiago».
Alberdik eta Elortzak saio hunkigarria egin zuten. Lehena kamioizalea, bigarrenak Marokotik bere kamioian ateratzeko eskatu zion. Alberdik hasieratik eman zion baietza, eta honela eskertu zion Elortzak: «Ez galdera ez baldintza, / benetan ondo zabiltza. / Ordu erdi bat da zure-tzat ta niretzat bizitza». Alberdik, hala ere, begiak irekitzen saiatu zen: «Baina zuk duzun erronka / bihur liteke porrota; / zuk uste duzun bezain polita ez baita Europa».
Atzoko saioak ez zuen jabe garbirik izan, eta puntuari erantzuten, adibidez, Gurrutxaga ibili zen besteen gainetik. Hauxe lanaren hasiera: «Gustukoa al duzu zuk txokolatea?» / «Bai, baina ez zait komeni gehiegi jatea; / etorri bailitezke poza ta kaltea: / Ahoaren gozoa ta diabetea».
Kartzelakoan, berriz, Alberdik jaso zituen puntu gehien, nahiz eta Elortzak gertutik jarraitu. Putetxetik atera, eta autoa arrankatu berritan jarri zituzten kantari.