DV. Hi! Hika ikasteko metodoa idatzi du Jon Urruxulegik. «Premia zegoen. Asko idatzi da hitanoari buruz, baina ikasteko metodorik ez zegoen», adierazi zuen Urruxulegik atzoko aurkezpenean.
Egia esateko, orain bizpahiru urte metodo bat plazaratu zuen AEBetan Gontzal Fontanedak, baina hemen ez zuen oihartzunik lortu eta inguratzen zaila dago, gainera. Bestalde, egunotan publizitatea ari da plazaratzen egunkari batean, Ritxi Lizartzak prestatutako beste metodo batena. Urteak dira Lizartza hitano-ikastaroak ematen ari dela, han eta hemen.
Atal hauek ditu Txertoa etxearen bidez ateratako liburu honek: historia; gramatikaren atala; aditz--taulak; aditz trinkoak; ariketarako testuak; ariketen zuzenketak; lexikoa; bibliografia.
Euskaltzaindiko Beñat Oihar-tzabalek gainbegiratutako liburua omen da. Euskaltzain hau izan baitzen akademiarako hitano batuaren aditz-taulak prestatu zituena.
«Euskaltzaindiak eman dituen aditz guztiak jaso ditut, baina eguneroko bizitzarako aditz gutxi behar da», adierazi du Urruxulegik.
Bestalde, Xabier Alberdik emandako datuak ere ekarri ditu liburura. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle hau soziolinguistikako ikerlan hau burututakoa da: Hitanoa non eta nork erabiltzen duen (2003). Besteak beste, ondorio honetara iritsi da Alberdi: «Senar-emazteen artean zuka nagusitzen da. Ezkongaietan hikako erregistroa erabiltzen zuten askok, ezkondu ondoren edota ezkon-tzeko atarian, zukako erregistrora biltzen dira».
«Historia» izeneko atalean hainbat datu jakingarri eskaintzen du Urruxulegik. Gogorarazten du milaka urtetan zehar euskaldunak hika bakarrik mintzatu zirela, eta Zu izenordainak gaurko Zuek izenordainaren esanahia zuela. Baina gero, Erdi Aroan, Europako beste hizkuntzetan bezala, euskaran ere tratamendu-bikoiztasuna sortu zen. «Lagun arruntei hika, beti bezala, baina goi-mailakoari mintzatzeko (nahiz eta bakarra izan) zuka egiten hasiko ziren, pluralean, beraz».
Bestalde, Jon Urruxulegik aipatu du hitzaurrean Itxaro Bordari gertatutakoa: «Itxaro Bordari irakurria diot noizbait nola jendaurrean behin hika idatzitako olerki bat irakurri zuen eta taula gainetik jaitsi zenean, adineko emazte bat hurbildu zitzaiola galdetuz nolaz idatz zezakeen oraindik poema bat urdeen bazkatzeko baizik erabiltzen ez zen eredu zaharkituan, hika erregistroan, alegia».