Hedoi Etxarte (Iruñea, 1986) idazlea da. Alain M. Urrutiak (Bilbo, 1981) marraztu egiten du. Bakoitzak berezkoak dituen baliabideak erabiliz, eta bien arteko zubiak eraikiz, Euskal Errepublika Askean bizi den bikote heterosexual baten istorioa sortu dute, Ihes ederra, tarteka irribarrea, tarkeka gogoeta eragiten duena. Alberdaniak argitaratu du, narratibari emandako sailean. Hori nahi zuten alegia, zeren eta elkarlanean eta elkarrekin solasean, testuz eta irudiz hornitutako narrazio bat eraiki baitute, euskaraz sortu eta argitara eman den lehen nobela grafikoa. Itzulpen bat izan ezik - Paul Austerren Kristalezko Hiria-n oinarritutako irudi eleberria euskaratu zuen Harkaitz Canok-, «aurreko guztiak gehiago izan dira komiki albumak edo album ilustratuak».
- Hortxe aurreneko koska: zerk bereizten du irudi eleberria ohikoagoa dugun komiki albumetik?
- A.M.U . Formatuaren aldetik liburu formatua du, ez album formatua, eta narrazioaren aldetik ere estilo berdinean kontatzen da istorioa, batean irudiekin eta bestean hitzez, baina azkenean kontzeptu aldetik eleberri bat da, edozein eleberri buruan izanda dauzkagun erreferentziak ditu.
- Komikietan, normalen, irudiak agintzen du, baina zuen lanean guztiz berezia da testuaren eta irudiaren arteko harremana. Nola aurkitu zenioten puntua?
- HEDOI ETXART: Zehaztasun handirik gabe lanean hasi ginenez, kostatu zitzaigun, baina behin formula aurkituta, garbi izan genuen ezin zela egon errepikaketarik, askotan gertatzen den bezala, testuaren eta irudiaren artean. Zertarako jarri norbaiti burbuilan 'harritu naiz' eta horrekin batera harridura aurpegia? Testua egokiagoa denean egoera bat azaltzeko, testu hutsa erabili dugu, eta gauza bera egin dugu irudiekin. Keinu batekin esan badezakezu nolakoa den pertsona bat, horrek informazio gehiago ematen du burbuila batean adierazten baduzu baino.
- Testuek eta irudiek, nolabait, autonomiatik ematen dute informazio osagarria, eta bi lengoaien arteko loturak osatzen du kontakizuna...
- A.M.U . Hori da, batzuetan irudia hurreratu egiten da testura, beste batzuetan testua hurreratzen da irudira... Batzuetan irudi soilez esaten dena ez da testuetan agertu behar, eta alderantziz. Azkenean, horiek konbinatuta sortzen da erritmoa, eta ez da egiten aspergarria, ez dago errepikapenik. Proiektuarekin hasi ginenean ez genekien irudi eleberria egingo genuen edo komiki itxurako zerbait, baina azkenean behar izanagatik sortu da horrelako formatua.
- Irakurtzeko eta ikusteko era baldintzatzen duen bezalaxe, lan egiteko modua ere baldintzatuko zuen planteamendu horrek.
- A.M.U . Lana eraikitzeko orduan ez da izan Hedoik gidoia idatzi eta nik gero etxean marrazkiak egin. Biok aldi berean burututako prozesu bat izan da, bion arteko elkar ulertu bat. Eta batak bestea bultzatuz, bere kodea bestearen kodera moldatuz.
- Orrialde askotan badaude irakurlea wikipediara, youtubera edota beste liburu batzuetara bideratzen duten gezi modukoak. Papera ez da jada nahikoa istorio bat kontatzeko?
- H. E. Guk emango bagenitu web gune horiek guztiak txip batean, eta egingarria da, ez litzateke hautu bat egongo irakurlearen aldetik. Aldiz, pistak dira, beste aukera eta bide batzuetarako pistak, ateak zabaltzeko modu bat. Askok uste dute irakurleari gero eta kalidade baxuagoko gauzak emanda gehiago disfrutatuko duela, eta umetu egiten dute irakurle heldua. Guk alderantzizkoa egiten dugu, ez zaigu interesatzen errazkeriaren bide hori,
- A.M.U . Alde horretatik oso liburu garaikidea da, ez ditu ukatzen eskura ditugun tresna horiek. Nahi duenak gehiago sakondu, baditu erreferentzia gehiago, horrek ireki egiten du liburua. Gainera, urte batzuk barru liburua eta hor agertzen diren erreferentziak izango dira gure garai hauetako kronika.
- Garai hauetan girotu duzue eleberria, egoera historiko eta politiko fikziozkoan bada ere. Bikote harremanen gaineko begiradan, ordea, gutxi dago fikziotik.
- H.E.: Berez, politika markoa da, irakurle bakoitzak azpimarratuko du markoaren lodiera... Muina bikote monogamoaren inguruko hausnarketa da, ezkerreko ikuspegi batetik egina. Hori nahiko bitxia izan daiteke zenbaitentzat, ze badirudi Europan behintzat eskuin muturrekoak direla familiaren inguruko proiektuak dituzten bakarrak. Badago hor eremu bat guri interesatzen zaiguna. Nabaritzen dugu erreferente asko galdu direla eta aurrerakoitzat aurkeztu zaigula elkartasun eza, bestearen mina ez ulertzea, bestea gaizki dagoenean ez laguntzea... Elkartasuna bihurtu da hautazko zerbait, eta hori gu bezalako ezkertiar batzuentzat oso mingarria da, ezin delako hautazkoa izan, behartua baizik. Bikote harremanetik beretik hasita, azken batean guk bikotea marraztu baitugu gizartearen eta norbanakoaren espazio gisa, familia tradizionala deitzen den entre abstraktuaren erdigune gisa. Horrela adierazi dugu, dituen arazo guztiekin, ohartzen baikara hortik kanpo egin dena hobeto egin duela diru asko duen jendeak, eta diru gutxiago duen jendeak miseria besterik ez duela jaso ustezko askatasun horretatik. Hori, azkenean, oso lotuta dago eskuin-ezker dinamikarekin eta ekonomian oinarritutako eztabaida politiko batekin eta ez, gaur egun esaten zaigun bezala, mundu posmoderno batekin, historiaren amaierarekin eta horrekin guztiarekin,
- Politikari dagokionez, muturretara eraman dituzue gauzak.
- A.M.U . Hor, azkenean, gure buruez eta gaur egungo gizarteaz barre egiten dugu, ironia eta zinikotasun puntu batez. Aldi berean, argi dago kasualitatez bizi dugula bizi dugun egoera, eta oso erraz alda daitezkeela gauzak datu historiko bat aldatuta. Guk hori egin dugu, datu historiko bat aldatu. Eta horrek dena aldatzen du.