DV. Oiartzungo etxeetako buzoietan jasotako publizitatearen jarraipenak (2008 urteari dagozkionak) eman dituen ondorioak plazaratuak izan dira. Ikerketa, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak egin du, Oiartzungo mer-kataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen presentzia sustatzeko Udalarekin duen hitzarmenari esker.
Guztira, 183 publizitate-ale jaso ziren, 51 establezimendu desberdinetatik. Horietatik 16 Oiartzunen kokatutako establezimenduak eta gainerako 35ak Oiartzundik kanpokoak. Honela, 2008an etxean jasotako publizitatean euskarazko eskaintza %14,2 bakarrik izan da: Euskara hutseko aleak %2,7 izan dira eta gainerako %11,5ak ele bietakoak.
2006an, euskarazkoak eta ele bietakoak batera ez ziren %20ra heltzen, eta gutxi zela iritzi zieten. 2007ko publizitatean, aurten baino gutxiago ziren euskarazko eskaintza bermatzen zutenak: %9,75.. 2008an 5 ale dira euskara hutsekoak (guztiaren %2,7). Eta ez dago euskaraz gaztelaniaz baino gehiago duenik. Gaztelaniazkoak eta gaztelaniaz gehiago dutenak batuta %85,8 dira.
Euskararen presentziaren bat baduten aleak %55,2 dira establezimendu guztiak kontatuta (2007an %59,14; 2006an, %56,3). Euskararen presentziaren bat badutenak hauek dira: euskara hutsekoak, ele bietakoak eta gaztelaniaz euskaraz baino gehiago dutenak.
Aurreko bi urteetan bazirudien Oiartzunen kokatutako establezimenduek kanpokoek baino ahalegin handixeagoa egiten dutela euskara erabiltzeko, euskararen presentzia duten ale gehienak Oiartzungo establezimenduenak direlako. Aurten ez da hainbesteko aldea sumatzen Oiartzungoen eta kanpokoen artean: Oiartzungoetan %58,8k du euskararen presentzia (2007an, %74,46; 2006an, %72,47); Kanpokoetan, %50,6k du euskararen presentzia (2007an, 38,56; 2006an, %39,2). Euskararen presentziaren kopurua igotzen dutenak gaztelaniaz euskaraz baino dexente gehiago duten aleak dira, eta horietan euskararen presentzia oso-oso txikia da. Halakoak ezin dira euskarazko eskaintzatzat jo.
Gaztelaniaz gehiago: %41ek gaztelaniaz gehiago dute euskaraz baino. Gehienek liburuxka osoa gaztelaniaz dute eta azalean ageri da euskara pixka bat, esaldi batzuk eta hitz batzuk ele bietan jartzen dituztelako.
Oiartzungoak bakarrik kontatuta: %49k gaztelaniaz gehiago dute euskaraz baino.
Euskara gutxi eta akats asko. Ele bietakoetan, eta bereziki gaztelaniaz euskaraz baino gehiago dutenetan, euskaraz akats asko daude, eta batzuk larriak.
Guzti honen Ondorioa hau da: Euskara gutxi eta akats asko. Ele bietakoetan, eta bereziki gaztelaniaz, euskaraz baino gehiago dutenetan, euskaraz akats asko eta batzuk larriak.
Euskararen ezagutza, erabilera eta eskaintzaren indizeen konparazioa dagokionez, Euskarazko eskaintzaren datuak ez datoz bat oiartzuarren euskararen ezagutzarekin eta erabilerarekin:
Ezagutza: 2001eko erroldaren arabera, %76 dira euskaldunak Oiartzunen, eta %12,9 ia euskaldunak.
Erabilera: Oiartzunen kalean hitz egindakoaren %62,8 euskaraz entzun zen 2001eko neurketan, eta 2005eko neurketan, berriz, %58,7 entzun zen euskaraz.
Beraz, bai ezagutzaren eta bai erabileraren ehunekoak urruti geratzen dira 2008an etxean jasotako publizitatearen euskarazko eskaintzatik (denak kontatuta %14,2; Oiartzungoak bakarrik kontatuta %9,8). Beraz, 2003ko Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen legearen kontrakoa da merkataritza establezimenduek etxera publizitatea euskaraz ez bidaltzea. Eta beste aldeitk bezeroon esku dago zerbitzuak eta produktuak euskaraz eskatzea; azken batean, Kalitatea eskatzea.