DV. Hizkuntza paisaiak duen garrantziaz jabetuta, merkataritza eta ostalaritza establezimenduei zuzendutako kanpaina egin dute ekainaren hasieran, Tturttur Euskaltzaleon Bilguneak eta Oiartzungo Udalak. Kanpoko errotulu nagusia euskara hutsean jar dezaten eskaintzen diren diru-laguntzen berri eman diete establezimenduetako jabeei, gutun bidez. Gutunarekin batera dirulaguntzen nondik norakoak biltzen dituen diptikoa banatu diete.
Oarsoaldeko merkataritza eta ostalaritza establezimenduei buruzko datuak jasotzeko datu-basearen arabera, Oiartzunen, 220 establezimendutik 155 dira errotulua euskara hutsean ez dutenak. Konkretuki, 155etik 24 dira errotulua elebietan dutenak eta gainontzeko 131 establezimenduek, ez dute errotulurik, izen berezia bakarrik dute jarrita, edo gaztelania hutsean dute. Errotulua euskara hutsean ez duten horiei guztiei bidali diete gutuna eta diptikoa, behar duten informazioa emanez. Jakina denez, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta Oiar-tzungo Udalak sinatuta duten hitzarmenari esker gauzatzen da merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa. Eta oraingo honetan, herriko dendetan errotuluak eus-karaz jartzearen garrantziaz ohartarazi nahi izan dituzte mer-katariak. Izan ere, kanpoaldeko errotuluak eragin handia duelako herriko hizkuntza paisaian eta eus-kararen erabileran, oro har. Zerbitzua euskaraz eskaintzeko gai direnen kasuan, bezeroa harremana euskaraz hastera bultzatzen du kanpoko errotulazioa (eta beste edozein idatzi) euskaraz egoteak.
Ahalegin handia
Urrats handia da hori merkataritzan euskararen erabilera areagotzeko. Zerbitzua euskaraz emateko gai ez direnen kasuan, berriz, bezero euskaldunak eskertu egiten du dendarien ahalegina, eta zerbitzua hobetzen saiatu izanaren adierazgarritzat hartzen du kanpoko errotulaziorako eta gainerako idatzietarako euskara hautatzea.
Aurten, oraingoz hiru diru laguntza eskaera jaso ditu Udalak errotulua euskaraz jartzeagatik. Horietako bat da Orratz dendarena, onartu berria diote diru laguntza. Jakina denez, Oiartzungo Udalak errotulua euskaraz jartzen duen establezimenduari kostuaren erdia ordaintzen dio, beti ere, 300 euroko mugarekin. Errotulua aldatzea eta euskara hutsean jartzea pentsatzen dutenek, edo establezimendu berria ireki eta errotulua euskaraz jarri nahi dutenek laguntza eskatzeko egin beharrekoa oso erraza da. Eskaera orria bete, errotuluaren fakturaren fotokopia konpultsatua erantsi eta errotulua eta dendaren kanpoaldea nola geratu den erakusteko argazkia atera.
Argibideak jasotzeko, zalantzak argitzeko, paperak betetzen laguntzeko eta baita testuak euskaraz egoki idatzita daudela ziurtatzeko, Tttur-tturreko suspertzailearengana jotzeko gomendioa egiten da prozesu guztia ondo egiten dela ziurtatzeko. Horretarako telefonoa 943260182 dago.
Bide batez, gogoratu, errotulua euskaraz jartzeko laguntza emateaz gain, Ttur-tturrek beste zenbait zerbitzu ere eskaintzen dizkiela merkatari eta ostalariei. Besteak beste, jendaurreko idatziak, txartelak, oharrak euskaraz jartzeko itzulpenak eta zuzenketak egiten ditu dohainik.