Beti liluratu izan naute atariko oiloek. Behar bada, nire heziera ere, oilalurrekoa izan delako beti. Oiloak bai, emakume finaren izate ugaria, beste deusek baino hobeki gorpuzten dutenak. Xuhurrak, xaloak, ugariak, apalak, muga hausle diskretoak, eguneroko libertatearen zulo bilatzaileak, argitik argirakoa beste araurik gabeak, isilak, bakarti talderakoak, lurraren maitaleak, tarteka emozioak hegatzen dituen oinezko mantso erneak, hondakin ezerez galdu eta zokoratu askoren preziatzaileak... Oilarra inguruan jiraka hasi eta, zinez deus nahi badute, neurrira kuxkurtzen direnak. Fruitu ona ematean edo zinez larritzean bestetan karaka egiten ez dutenak. Eta hori guzia aski ez, beren ofizio hain esker gaiztokoa dela medio, aztarka, aztertu, azterle, azterketa... bezalako hitzak arkaiko bilau izanik posmoderno noble bihurtzen lagundu baitigute. Bai, deus izatekotan, ikerleak, xoko miatzaileak baitira oiloak, edozein itxura axaleko mokoka urratu eta barrengo mami bila taigabe saiatzen direnak.
******
Ama zena oroitzen dut oiloei deika. Edo Benaiko amona zena Genobeba, edo Artantxukoa, edo nonahikoa:
- Purra, purra pi pi pi, purraaa!...
Artalea gehienetan, eta negubidean ore bero eginberria aldizka, botatzen zien atariko larrainean purraka. Bai laxter bildu ere, etxeko erreginak. Hura zalaparta hangoa, erdi laxterka erdi hegaka, inguruko txoko eta bazter klandestino guzietatik. Baita amaren begia ere, erne aski, bakoitza nondik zetorren. Lepasoil gorri lotsagabea, baratzako sarezulotik; («Madarikatua, akabo nere letxu hazia!»); izebak emandako paparoaundi beltxa, Artantxuko atakondoko intsuspetik; azken kolkaldiko zazpi oilanda eta bost oilasko zurigorri, Benaiko sutesi bazterretik; oilar zuriska gangar okerra eta hegaxabal arre bakan errulea, Putxulo aldeko zapar tartetik; hamalau txitxo eta kolka baldartua, iratze metaren azpiko zerri ixtegitik. Handik denbora puxka batera, berriz, beti bezalatsu, besteek bazkarik haundiskoena garbitu ondoren, lepaurdin izu kanpoan errulea, oilalurraz haruntzagoko abentura bakarti galduetan atzeratua. Jerbaxi deitzen genion ttonttordun begiñabarrak, ordea, saskipean egon behar, kolkaldia irago arte.
Hura bai, kolore bilera! Istante galkor bateko koadro bizi urduria! Oiloak lurpetik Van Goghen arima atera nahian!... Ez dauka benpe biziagorik gogoan, betirako harriturik gelditu zen mutiko hark. Handik aurrera, eskailburuko erruerditik potoa bete arto hartu, ataurrera atera eta, mutiko hark berak egiten zuen, kolore bizien dantzarako deia.
- Purra, purra pi pi pi, purraaa!...
Irrikaz joaten zen mutikoa, oiloei koloreen bilerara deika. Bai lilura bizi eta ugaria, kolore batzar harena! Sorgin haizezko pintura iduri, taigabeko dantza kiribilduan!... Gero kolore bizi ibiltari bakoitza, lurrari mokoka, mirarien txokora ezkutatzen zen, aldizka hanka baten gainean bere buruaren oreka bilatuz. Eta harrez gero, edozein koadro ikusi aldiro, munduko hoberena dela ere, koloreen hileta-festa iruditzen zaio mutiko hari.
******
Hamalauren bat urte izanen nituen, EGB bukatzeko zorian Leitzan. Baina eskolaz aparteko kontuak ere asko gustatzen maisuari eta, erdi bromatan ari ginela: «Ba al dakizue goizoillanda hitzak zer esan nahi duen? Galdetu amari»... agindua emanda utzi gintuen Pontxitok. Eta bai, klase hartan bazen, jakin gabe, goizoilanda zen franko. Bat oroitzen dut bereziki, M.C. Huarte, gero bere alaba bezalatsu. Gu ere han ginen, eta zerbait sumatzen genuen. Baina, hizkera matxistaren kontu hutsa ote da goizoillasko hitzak ahozko usarioan zentzurik ez izatea? Nor ernatzen ote da aurrena? Esaiek, Nikolas.
Eta kontu honekin ari naizela, irakurrittu da Leitzan aditu izan dudan hitzik arkaikoena. Nik Tolatxeneko apez zena Joxemari Azpirotzi aditu eta ikusi nion behin; igande arratsalde askotan, ziztulariengana Karrapera joateko ohitura baitzuen, eta haietako batean: irakurrittu, Peritzeko Simonari aditu ziola, eta paper muttur batean idatzia zekarren karteran. Niri urrezko erlikia xahar galduxea iruditu zitzaidan esanahi hura. Ahozko herri usario bizian ikur edo irakur hitzak inoiz aditu gabea bainitzen eta bainaiz, eta Eratsungo Erakurri toponimo sonatua ekarri zidan gogora, eta ez uste analogia fonetiko hutsagatik, ez. Baita Mikel Olanori esan ere; baina, behar bezala aztertu gabe utzi ote zidan daukat. Ikus Adio Leitze! hiztegian. Eta apustu eginen nuke oraindik, Joxemari zenaren paperetan nonbait azaldu baietz. Afari bat Torren, Tomas, bilatze aldera.
******
Handik hurrena kanta eta balada zaharretako sinbologia xurgatzen hasi ginen, pittinka pittinka, eta Peru gurea, zingira bedarrak ekarten Londresen zen bitartean, etxean bakarrik utzitako emazteak auzora zertara ihes egiten zion ikasi genuen, bai polliki ikasi ere, bizkaieraz:
Nere oilanda nabarra
Txikerra baiña zabala,
Zetan hoa hi auzora
Etxean oilarra donala
Oi, au, egia
Daigun jira bi, Maria!
******
Gero berriz, Leitzako festagiroan, herrikanta xelebreak ikasi ahalean, honako perla hau ikasi nuen:
Sosik ez diñet oañik ekusi.
Oilloak erruten ez dittun hasi.
Lakilakiron, lakiron (bis)
Baldin baz ere hasiko al ditton.
Ez dut urre finagorik inon aurkitu, oiloak emakumearen ekonomian zenbateko inportantzia izan duen adierazteko. Hitz soilagoz eta erneagoz ez baitago esaterik, errun berritako oiloaren karaka dirudien lakilakiron errepika onomatopeiko xoragarri hori ardatz duela. Etxean bertan amari aditua: herrira joan nahi mandatuak egitera, eta dozena osatzeko, goizean goiz oiloari ipurdian gatza jartzen ailegatu izandu zela, hartara lehenago erruten omen zuela eta. Hortik atera!...
******
Orain hurrena, Danboliñeko oilaloka ikusten nuen bere txitxekin. Batean Erosle aldeko bidean, bestean Zigarate alderakoan. Eta esaten nuen neure baitan. Hona bordari eta kaletar arteko sinbiosia. Hona posmoderno izatera iritsi zaigun animalia domestiko bakarra. Behiak, mandoak, ardiak, ahuntzak, zerriak, untxiak. desterratu genituen, baina zuk, oilaloka maitagarri horrek, zeure txitxak ondotik dituzula, hemen segitzen duzu oraindik, etxe ingurua zaintzen, ehun urteko amona Urtsularen zentzuak alaitzen. Gaurko ausentzien ikurra zara (oroit filologo, irakurrittu hartaz). Gaurko globalizazioaren erdi erdian zabiltza, bakar bakarrik eta patxadan, presazko kontsumo itsuari, et et et! eginez, traba zaharra argi berri bihurtu nahian. Oilaloka xalo jeniala, zuk ongi baitakizu: «que la genialidad es una larga paciencia». Eta zuk soilduko (lumatuko) dituzu oraindik, gaurko maritxuok beren apainkeria eta teoria antzu guzietatik; zuk finduko feminista marimatxortu guziok. Gorringo bat aski baituzu, munduko gourmet guziak mututzeko. Oi arraultza, zu bai poema, azal gorrizta muin betirakoa!
Bai, beti gustatu izandu zaizkit kaleko baserriak, eta zu atzenekoa zara Danboliñ, zeure oilo arkaiko posmoderno librepentsalari horiekin. Altzate nuen bestea, zure auzo izana. Tolatxene hurrena, Kandidorekin galdu nuena. Eta joan den Eguberrietan, harako hitzaldi xelebre kantatu hartan, denak omendu nahi, baina gidoiak eten, eta amon alaba illoben oiloak aipatu gabe gelditu ziren, eta ni zorretan sentitzen. Horrexegatik izan da, Ursula, Katti, Ainara, Joanes. hau dena zuen omenez. Presaka bukatu baigenuen orduan, Altzateko oilar zenaren doinuan:
Gure etxean bi oillo dira
Aietatikan bat loka,
Oillarra berriz, kukurrukuka
Kantoia bera dijoa.
Adios jaunak beste bat arte
Igaro dibertsioa.