DV. Egunotan hasi dira haurreskola berria eta Kultur etxea eraikitzeko lanak. Mediku etxea zegoen lur sailean ari dira egiten eraikin berria eta beheko solairuan haurreskola joango da eta lehen solairuan Kultur etxea. Beste solairu bat egiteko aukera ere emango du etxe berri honek, baina momentuz atzeratu egin da aukera hori gastuak handitu egingo zirelako eta etorkizunean erabakiko da zer egin bigarren solairu horrekin. Eraikina Joanma Sanz udal arkitektoak diseinatu du eta berezia da bai egitura eta itxura aldetik, batik bat egurra izango delako etxe berri honen material nagusia.
Egun Beheko Eskoletan kokatua dagoen haurreskolarekin arazoak zeuden aspaldian, bertan eskaintzen diren 10 haurrentzako lekua txikia geratu delako herrian dagoen eskarirako. Arazo horri irtenbide bat eman nahian ibili da Udala azken hilabeteetan eta eraikin berri honekin etorriko da soluzioa, etorkizunean 30 haur har-tzeko aukera emango duelako. Beheko solairuan joango den Haurreskola honen obrak irailerako bukatuta eta erabiltzeko moduan egotea aurreikusten da, nahiz eta lehen solairuan egingo den Kultur etxea oraindik amaitu gabe egon daitekeen.
Obrak Egoin enpresak egingo ditu eta lanek 750.000 euroko aurrekontua izango dute. Lanen zatirik handiena Udalaren ekimenez Xesterin egin diren etxeetatik jasotako diruarekin finantzatuko da eta beste zati bat, 237.000 euro, Espainiako Gobernuak obretako zuzendu duen partidetatik.
Diseinu berezia
Eraikin berria berezia izango da diseinu aldetik, bai eraikinak izango duen egitura zein erabiliko den material nagusiagatik. Egurra, abetoa hain zuzen, izango du eraikinak kanpo zein barrualdean nagusiki eta diseinu aldetik ere estilo berezikoa da.
Udal arkitektoaren beraren esanetan: «Niri gustatu egiten zait eraikinetan egurra sartzea tonu desberdinak hartzen dituelako eta gainera garapen iraunkorrarekin lotuta dago, material ekologikoen erabilpenarekin. Material eta diseinu aldetik berezia izango da eraikina, baina nik azpimarratuko nuke partzela guztia erabiltzen saiatu naizela. Lehen bertan zegoen Mediku etxeko planta bakoi-tzak 110 m2 inguru izango zituen eta orain egingo dugunak 260 m2 izango ditu solairuko. Beheko solairuan haurreskola joango da, atari nagusi batekin eta igogailuarekin. Haurreskolak 3 gela izango ditu, bakoitzak 10 haur har-tzeko beharrezkoak diren zerbi-tzu guztiekin. Haurrak jolasteko beste gela handi bat ere edukiko du Haurreskolak, kan-poan egongo den berdegune baterako irteerarekin. Bulegoek eta komunek osatuko dute beheko planta. Lehen solairuan Kultur etxe berria egingo da eta bertan azpigarriena erabilpen anitzeko gela izango da, eserita 60 pertsona sartzeko modukoa, hitzaldi, kontzertu eta ekitaldi desberdinak hartzeko. Gela honek kristalera bat izango du hirigune aldera, eta beste gela batzuekin osatuko da Kultur etxe berriko solairua. Egurra erabiliz modularki egin daitekeenez eraikina, etorkizunean beste solairu bat egiteko aukera geratzen da».