oiartzun. DV. Atzo jarri zen martxan Xorrola, Oiartzungo udal autobus zerbitzu berria eta zuzenean ezagutu eta ibilbidea egiteko gonbite berezia izan genuen herriko komunikabideek.
Honela goizeko 10:00etan Elizalde Herri Eskolako eta Haurtzaro Ikastolako ikasleen ordezkariekin batera autobusa hartu genuen, Elizalde auzoko Yon Oñatibia geltokian eta ibilbide osoa egiteko aukera izan genuen, Aitor Etxeberria, herriko alkatea ere bertan egon zelarik.
Ekimenaren jatorria
Oiartzungo Udalak urteak daramatza mugikortasunaren gaia lantzen eta herriko Ikastetxeekin batera lan handia egin dute, herriko mugikortasun azterketak eginez eta ekintza honek ondorio garrantzitsuak jarri ditu mahai gainean: Batetik, Oiartzun, Gipuzkoa mailan auto kopuru handienetako duen herria dela (etxe bakoitzeko 1,6 auto).
Bigarrenik, 2.000tik gora direla herrian bertan lan egiten duten oiartzuarrak eta gehiengoa garraio pribatua erabiltzen duela.
Eta, orokorrean herrian egiten diren desplazamenduak distantzia motzekoak direla.
Bestalde, auzoz auzo herritarrekin bilerak egin izan dituztenean, garraio publikoaren beharra planteatu diete oiartzuar askok.
Hau guztia kontutan hartuz Oiartzungo Udalak aurtengo otsailean ekin zion herri barruko autobus zerbitzu berriaren ideia garatzeari eta harremanetan hasi zen Energiaren Euskal Erakundearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin proiektu honetan parte har zezaten
Aldi berean, herritarrei gutun bidez iritzia eskatu zieten herri barruko autobus zerbitzua martxan jartzeari buruz, horretarako bide ezberdinak zabalduaz: postontzi bereziak eta helbide elektronikoa.
Orotara 257 pertsonek eman zuten bere iritzia eta gehiengo handi batek ekimena txalotu egin zuen
Xorrola izenaren historia
1898. urtean inauguratua, bizitza laburra izan zuen arren, zenbait tokitan erabili zen meatze eta baso lanetan. Trenbideak Goizuetako Elama meategiak eta Oreretako Norteko trena batzen zituen. Bere ibilbidean Karrikako Zonzorroitz eta Zorrolatik igarotzen zen eta Oiartzuarren artean Xorrola izenez zen ezaguna. Garai hartan Gipuzkoan zegoen mendi trenbiderik luzeena ez ezik, estuena ere bazen, 30 km-ko luzera eta 60 cm-ko zabalera baitzituen.
Zerbitzu honek auzoak, industriguneak, zerbitzuguneak eta topoa guneren arteko lotura izan nahi du, ondorengo ibilbidea eginez: Arragua (Topo geltokia) – Talaia (Urkia)– Mamut – Aristegi Etxea - Ugaldetxo - Ibarre – Iturriotz – Altzibar (Kaleberritik) –Elorrondo (Erriberane) – Elorrondo (Elizalde Herri Eskola) – Osasun Zentroa (Anbulategia) – Jon Oñatibia (Makutso taberna) – Mendin – Arragua (Topo geltokia).
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera Xorrola Arraguatik abiatuko da 7:10ean eta gaueko 8:10ean.
Prezioa: bidai bakoitzak 0,60€ko kostua izango du. Urteko bonoa egiteko aukera aurreikusi zuen Udalak, eta etxez etxe banatu dituen esku orrietan ere hala dio, baina azken orduan Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektuarekin bat egitea erabaki du eta ondorioz herritarrei onura gehiago ekar diezaieken txartela edo formula bilatzeko aukera hobetsi du. Dena dela txartela, irailetik aurrera jarriko dute martxan eta ekainaren 1etik 5era zerbitzua doakoa izango da.
Oiartzungo Udalaren helburua Oiartzunen garraio publiko sarea osatzen joatea da, eta Xorrolaren sorrera norabide horretan ematen den pausoa da.
Honela, Oiartzungo garraio publikoaren sarea osatzen doa pixkanaka: Udalak taxi-bus zerbitzua sortu zuen; Lurraldebusek H2, H3, eta H7; Euskotrenek topoa; Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Behemendik martxan jarritako programak ezinduak dauden edota erdigunetik urrun bizi diren herritarrentzat: A) Bidez bide, goizez etxetik zerbitzugunera furgonetaz eramaten duen zerbitzua.
B) Bide lagun, arratsaldez paseoak ematera furgonetaz eramaten duen zerbitzua.
Xorrola, auzoak, lantoki eta zerbitzuguneak eta topoa lotuko dituen udal autobus zerbitzua.
Garraio publiko sarea indartuz mugikortasun arazoei konponbidea bilatu nahi diete. Hau da, kotxe pilaketak edo trafiko arazoak konpontzeko errepideak handitu eta azpiegitura erraldoiak eraiki beharrean, garraio publiko sarea indartzearen alde egin. Herritar guztien beharrak aseko dituen garraio publiko sarea osatzea lortuaz. n