DV. Urteroko ohiturari jarraituz, Harri Jaia ospatuko dute gaur Bedaion. 2009 honek utzi duen eguraldi txarra ikusita, are arrazoi gehiagorekin aterako dute bedaiotarrek San Isidro prozesioan, uztak txingor eta harritik babes ditzan eta eguzki izipien berotasuna lehenbailehen heldu dadin. Goizeko 11:00etan Meza Nagusia eta prozesioa ospatuko dituzte, eta jarraian hamaiketakoa egingo dute Artubi Elkartean Zeberio eta Mañukorta bertsolariekin. Arratsaldeko 13:00etan dantzarako parada izango dute trikitilariek lagunduta, eta 14:30etan bazkari herrikoia ospatuko dute Artubi Elkartean. Arratsaldeko 17:30etan bertsolari eta trikitilarien bigarren saioa hasiko da, eta afari herrikoi batekin emango diote amaiera bedaiotarrek aurtengo Harri Jaiari.
Bedaiotik zuzenean
Bat baino gehiago harrituta geratuko bada ere, egia da: Bedaiok badu bere Telebista Digitala, Tele Artubbi. Txarli Gesteira alegiarrak sortua, orain arte aurrez grabatutako emanaldiak eskaini ditu, baina datorren larunbatean lehenengo aldiz zuzenean emitituko du: arratsaldeko 18:00etatik aurrera ikusleek Bedaioko ludotekaren inaugurazioa zuzenean jarraitu ahal izango dute www.balerditik.blogsome.com webgunean.
Artubi Elkartearen gaineko lokala atondu dute haur eta gaztetxoen liburutegi eta ludoteka gisa. Zerbitzuak jada martxan daude, beraz, inauguratzea besterik ez da falta. Inaugurazioan solasaldi moduko bat antolatu da, besteak beste, Abel Barriola pilotariarekin, Aimar Irigoien harrijasotzailearekin eta Jose Manuel Goikoetxea 'Goiko' aktore eta bikozlearekin, eta herriko txikienek hauei nahi adina galdera egiteko aukera izango dute. Esan bezala, ekitaldi hau zuzenean eskainiko du Tele Artubbi telebistak, baita Txolarre Irratiak ere. Besterik ere utziko du Bedaion aurtengo Asteburu Kulturalak. Bihar, arratsaldeko 19:00etan Bedaioko Gida Turistikoa aurkeztuko da, turismo bulegoaren, Udalaren eta bedaiotarren artean egina.
Iganderako, berriz, mendi-buelta antolatu da Bedaioko eta Lizartzako mugetan barrena. Sagardotegian elkartu eta oinez Zumizketa baserritik izango du irteera ibilaldiak. Arraunetara iritsi, eta Gaztelu eta Orexatik igaro ondoren, ordu parearen bueltan Lizar-tzan sartuko dira mendizaleak. Han, Pagoluze izeneko parajean 4,5 metroko perimetrodun pagoak ikusteko aukera izango dute, baita Leize Gaiztok izeneko harkaitz zuloak ere. Bazkalordua ingura-tzen ari den neurrian, Bedaioko lurretara itzuli eta Pagohandiko dolmenerantz joko dute, bertan bakoitzak etxetik ekarritako ogitartekoa jateko. Azkenik, Jazkura jaitsi eta handik autoz itzuliko dira abiapuntura.
Mendi martxa
Asteburu Kulturala alde batera utzita, Artubi Elkarteak adierazi du aurten ere Bedaioko Mendi eta Bizikleta Martxa antolatu duela, ekainaren 14rako. Goizeko 7:30etan irtengo dira oinezkoak, eta 8:30etan txirrindulariak. Aurtengoan zertxobait aldatu dute ibilbidea, hasiera hobe eta ederrago bat eskaini asmoz; partehartzaileak Artubigainera igoko dira eta ondoren Bedaioko bailarari buelta emango diote. Martxaren bukaeran zozketak eta otartekoak izango dira.
Izena eman nahi dutenek mendimartxa@bedaio.com helbide elektronikoa eta www.bedaio.com webgunea eskura dituzte; dena den, ekainaren 14an bertan proba hasi baino orduerdi lehenagora arte ere eman daiteke izena.
Beste behin ere, Artubi Elkarteak naturaz gozatzeko proposamena luzatu du, eta aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkie martxa hau antolatzen lagundu dieten enpresa guztiei.