DV. Joan den ostiral goizean, ehundik gora eliztar, San Joan kapilaren aurrean elkartu ostean Urkabe mendian barrena Gurutzbidea (Urkabeko Galbariyua) egin zuten. Urkabe, Elizalde auzoan koka-tzen den 223 metroko mendixka bat da eta bertan tartekatua dagoen Gurutzbidea bihurka ibiliaz goratzen da goiko gailurraraino, non aurkitzen diren Galbarioko gurutz nagusia eta meza emateko aldarea.
Urkabeko Galbariyua, 1910ko irailaren 18an inauguratua izan zen eta eraikuntzaren bultzatzaileak Doneztebe parrokiko Hirugarren Ordenako eliztarrak eta Legarreko Kaputxinotar fraileak izan ziren.
Gurutze guztiak, Hondarribiatik ekarritako hareharriarekin eginak daude. Eta gurutze bakoitzean gastuak ordaindu zituen edo zituzten izen/abizenak daude.
Aurtengo Gurutzbidea Ramon Elkoro, Donoztebe parrokiko apaizak burutu zuen eta Gurutzea, berriz, Manolo Mitxelenak eraman zuen.
Proiektuak, esleituak
Gurutze eta Iturriotz auzoan frontoi balio anitza eraikitzeko proiektuak eta Iturriotz auzoko Dorretxearen birgaitze obrak Toki Inbertsioetarako Estatuaren Diru Laguntza lortu zutenez, obrak burutu ahal izateko adjudikazio fasea martxan jarri zen, otsailaren 25ean Udal Osoak hartutako erabakiaren bidez.
Horretarako, emandako epean, eta proiektu bakoitzeko, hiru eskaintza jaso dira guztira Udaletxean.
Gauzak horrela, Obrak eta Zerbitzuak Batzordeak, joan den martxoaren 31ean luzatutako dik-tamenaren arabera, Udalbatzari ondorengo erabakia hartzea proposatzen zion:
Gedi, Promociones e Infraestructuras, S.A.-ri behin behingoz esleitzea «Gurutze auzoan frontoi balio anitza eraikitzeko proiektuan» sartutako lanei dagokien obra-kontratua, 310.324,22 euroko kopuruan (BEZ barne) eta lau hilabetetan egiteko.
Aipatutako enpresak 13.376,04 euroko behin betiko garantia aurkeztu beharko du.
Construcciones Alzola S.A.-ri behin behingoz esleitzea «Iturriotz auzoan frontoi balio anitza eraikitzeko proiektuan» sartutako lanei dagokien obra-kontratua, 246.552.97 euroko kopuruan (BEZ barne) eta hiru hilabetetan egiteko.
Aipatutako enpresak 10.627,28 euroko behin betiko garantia aurkeztu beharko du.
Construcciones Dumboa S.A.-ri behin behingoz esleitzea «Iturriotz auzoko Dorretxearen birgaitze lanei dagokien obra-kontratua, 473.651,00 euroko kopuruan (BEZ barne) eta 3,5 hilabetetan egiteko.
Aipatutako enpresak 20.415,99 euroko behin betiko garantia aurkeztu beharko du.
Udal Gobernuko 7 ordezkariak, Tomax Aristizabal eta OBaiko 4 ordezkariak izan ziren azkeneko Ohiko Batzarraldian, orotara beraz 12 zinegotzik hartu zuten parte eta hiru puntu hauek denon adostasuna jaso zuten.