Saltar Menú de navegación
Hemeroteca |
RSS | ed. impresa | Regístrate | Domingo, 27 mayo 2012

Cultura

PATXI ZUBIZARRETA, IDAZLEA

Urrutiko lurretan kokatutako istorio batek Ala Delta saria eman berri dio. Horren aurreko lanean, berriz, oso hurbil ditugun gaiei erreparatu die

Cerrar Envía la noticia

Rellena los siguientes campos para enviar esta información a otras personas.

Nombre Email remitente
Para Email destinatario
Borrar    Enviar

Cerrar Rectificar la noticia

Rellene todos los campos con sus datos.

Nombre* Email*
* campo obligatorioBorrar    Enviar
Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) galdua du haur eta gazteentzat idatzi dituen liburuen kontua. Hain luzea izan gabe, zabala da halaber irabazi dituen sarien zerrenda. Luis Vives taldeak ematen duen Ala Delta izen handiko saria da irabazi duen azkenekoa, laster argitaratuko den Xian Tenzinen bidaia miresgarria lanari esker lortua.
- Sari ugari irabazitakoa zara, Euskadi Saria barne, baina azken hau berezia dela diozu. Zer ekartzen dizute sariek eta zerk egiten du berezi irabazi duzun azken honek?
- Honelako bultzada eta pizgarriak guztiok behar ditugu, batez ere etxe zuloan lan egiten dugunok, krisiaz aparte kulturarena ere momentu kritikoa delako. Horrez gain, sari hau berezia da euskaraz idatzitako lan batekin Euskal Herritik kanpo irabazten dudan aurrena delako. Esango nuke, gainera, harreman gutxi dugula hurbilekoekin, erdal kulturakoekin, galegoekin, katalanekin edo frantsesekin. Harreman horiek naturalagoak izan beharko liratekeela uste dut, eta alde horretatik oso motibagarria zait saria, Xian Tenzinen moduan bidaiaren batzuk ekarriko dizkidalako.
- Irakurleoi zer ekarriko digu Tibet eta Txina korritzen dituen 2,40 metroko Xian Tenzinen bidaiak?
- Xian Tenzinek bidaia mitiko bat egiteko aukera eman dit, paisaia liluragarrietan ibiltzeko modua. Nahiz eta zenbait gauza gogor eta mingarri kontatu, esango nuke baduela utopia dosi txiki bat, eta hori ere beharrezkoa da. Liburuak badu poesia eta haurrentzako halako bizipoz bat, plastikozkoa ez dena.
- Xian Tenzinek urrutira eraman zaitu. Zure azken liburua -Cáceresetik Euskal Herrira ekartzen duten guardia zibil baten semearen esperientzia eta beste hainbat gertaera kontatzen dituen 'Pikolo'-, berriz, oso-oso hurbilekoa da.
- Bai, esango nuke bi mutur elkartu ditudala azken bi obretan. Pikolo-n hurbiltasun konprometitua aukeratu nuen. Mingarria izan arren, hurbileko esperientzia da: aste honetantxe ikusi ditut nire inguruko haurrak etarretara jolasten... Oso erraza da ikuspegi konprometitutik urrutiko gauzez hitz egitea, Tibeti buruz, Saraharari buruz, baina ni hemengo gauzekin konprometitu naiz halabeharrez, ikusi izan ditudalako Euskal Herriko eskoletan pikoloen seme-alabak. Bere garaian, zorionez tregua etorri zenean, pentsatu nuen ez nuela gaiari buruz hitz egin beharko, baina gero itzuli zen berriz errealitate gordina, etorri zen Legutioko atentatua, haurrak barruan zeudela... Haurrek, telebistari begira daudela, marrazki bizidunen ondotik kuartel bat sutan edo telebistaren egoitza birrinduta ikusten dute. Galderak egiten dituzte eta, Carmen Martín Gaitek esaten zuen bezala, ez dakidanez oso ondo nola erantzun ipuin bat kontatzen diet.
- Normalean, ordea, horrelako kontuak ezkutatu egiten zaizkie haurrei.
- Oro har, haurrei eskaintzen zaie Walt Disneyren ikuspegi mengel hori, baina errealitatea konplexua da, nahiz eta gehiegi sinplifikatzen diegun. Gordintasuna ere eman behar zaie haurrei. Ezkutatu egiten diegu, baina ez dira tontoak eta badakite hor dagoela. Haurra lotzen dugu zaratarekin, builarekin eta kolorearekin, ikusi besterik ez dago beraientzako pelikuletan eta ikuskizunetan, baina umeek askoz ere mundu interesgarriagoak dituzte. Uste dut haurrak oso haurtzat hartzen ditugula, zentzutzik txarrenean, eta literaturak beste sentsazio batzuk ere transmititu behar dizkie. Zentzu horretan, Pikolo konplexutasun horren adierazpena ere bada, eta uste dut dramatismoaren barruan baduela poesia, batez ere Manuel mutiko protagonistaren etorrietan, erritmoetan, bere sentimenduei izenak jartzeko ezintasunean...
- Liburuari ez dizkiogu barrenak aterako, baina kontatzen dituzun gauzaren batzuk irakurle helduarentzat ere gogorrak dira.
- Bai, konplikatua da, ze gainera ematen du postura bat hartu dudala liburutxo horrekin, baina errealitate oso desberdinak daude herri honetan, eta horren adierazle diren gauzak daude liburuan. Badakit oso gai delikatua dela. Horixe adierazi nahi nuen, ez aparteko ezagutza dudalako, baizik eta bestearen larruan jarri nahi nuelako. Egia da, dena den, oso egoera eskizofrenikoa bizi dugula horrekiko, eta nik ikuspegi bat eskaini baino abanikoa zabaldu nahi nuen.
- Helduentzat idatzi zenuen 'Barrikadak' lanarekin lotura zuzena du 'Pikolo'-k. Berdin helduko zeniokeen gaiari liburu hau ere helduentzako idatzi izan bazenu?
- Ez dakit. Lagun batek esan zidan Pikolo hobeto legokeela hirugarren pertsonan, askoz ere hurbilago egongo litzatekeela horrela helduengandik, baina niretzat sinesgarriagoa da lehen pertsonan, Manuelek berak kontatua. Nik liburu hau nahi dut baita helduentzat ere, baina batez ere haurrentzat idatzi dut. Gure gizarte gaixo honi begiratzen dion haur horri euskarri bat eskaini nahi izan diot, konplizitatea ere haur horrekin bilatu dut. Hau guztia esan eta gero, dena den, ezin dut esplikazio handirik eman, nahiz eta asko pentsatu dudan gaiari buruz, obsesioraino... Karga handia izan da, bakoitzak duelako bere inguru pertsonala eta hor bizi behar dugulako, baina nik liburua atera egin nahi nuen, batez ere nire osasunaren onerako...
- Idazteko orduan, berezia izan da zuretzat 'Pikolo'-rekin izan duzun esperientzia?
- Bai, gordinagoa izan da, eta hemen aipatu nahiko nuke Jokin Mitxelena marrazkilariaren konplizitatea. Lan bikaina egin du eta, horrez gain, liburu honetan ere oso konplize sentitu dut. Prest egon da heterodoxia puntu bat markatzeko.
- Hasi zara 'Pikolo' ikastetxeetan lantzen? Zer jaso duzu saio horietan haurrengandik?
- Oraindik ez naiz hasi, eta susmoa dut ez didatela askotan deituko. Gauza deigarri bat gertatu zait liburu honekin. Liburua dela eta, nire inguruko askok hitz bat aipatu didate: ausardia. Nik ez dut horrela sentitzen, baina uste dut esanguratsua dela, adierazten duelako nola ez ditugun askatzen barruko sentimendu oso errotu batzuk, nola ditugun hor gordeak. Baina, hau guztia esanda, iruditzen zait deituko didan irakasle horrek ausardia izango duela, gelan izango dituelako oso sentsibilitate desberdinetako umeak eta familiak.
- Oro har, haur eta gazteentzako literaturan badago behar bezainbesteko ausardiarik edo uko egiten zaie arriskuei?
- Ez gehiegi, eta horregatik esango nuke uzten dutela literatura, besteak beste. Literaturak eskatu egiten du, ez da telebistaren aurrean eseritzea, eta haur eta gaztetxoentzako lan asko oso bideratuta daude, ez diete ezer berririk ematen. Badaude apustu politak baina, oro har, minimoetan gabiltza. Nik horregatik, zoritxarrez, gazteei askotan gomendatzen diet helduen literatura irakur dezaten, transgresio puntu hori duelako eta hor topatuko dituztelako benetan irakurri nahi dituzten gaiak eta tratamenduak.
- Zeuri noiz tokatuko zaizu berriz helduentzat idaztea?
- Baliteke haur eta gazteentzat idazten bizioren batzuk hartu izana, eta ez nuke akomodatu nahi... Niretzat dena da literatura, eta nire koktel honetan saiatu nahi dut osagai onenak sartzen, baina, neurez, momentu honetan helduentzat idatzi nahi dut. Ez dakit oso ondo zer, baina hori nahi nuke. Félix de Azuak esaten zuen gaur kulturgileok aro ikaragarri berri baten aurrean primitiboak bezala sentitzen garela. Hain doa dena azkar, nahiko noragabetuta gaudela. Uste dut ez dela nik bakarrik sentitzen dudan zerbait, baizik eta nahiko orokorra. Irakurle bezala ere ez dut ikusten helduentzako proiektuetan huts egiteko arriskuari aurre egiten dion askorik. Iruditzen zait mundua oso azkar doala eta gu ari garela oso atzean gelditzen.
Opina

* campos obligatorios
Listado de comentarios
Videos de Cultura
más videos [+]
Cultura
Vocento
SarenetRSS