Ezaguna da Iban Zaldua hurbilago dagoela nobelari hil-kanpaiak aspalditxo jo zizkiotenengandik narrazio luzeen miresleengandik baino. Nobela moduko bat –nouvelle bat, alegia– idatzi du haatik atzo «idazle batek zenbait eman dezakeen ipuinetan» ikusten dela berretsi zuen ipuingileak. Zuzenago esateko, gaizki atera zitzaion ipuin bat «nobelizatu» egin du zakarrontzira bota ordez. Eta nobelatzat jo daitekeen Si Sabino viviría (gaztelaniaz idatzi eta argitaratu zuen 2005ean) lanean urratu zuen satiraren bidetik etorri da Euskaldun guztion aberria, huts egin zuen ipuinaren nobela itxurapeko «erredentzioa». Haren jarraipentzat ere har daiteke, egilearen hitzetan.
Iruzurgile saiatua
«Euskaldun guztion aberia Eus-Kafka da» irakur daiteke liburuaren kontrazalean, eta «nazionalista oro iragana alda daitekeelako ideiarekin obsesionatuta dago» barnealdeko azalean, George Orwellen testu baten zatia.
Izan ere, euskaldunen aberiek eta Gauzak –beste batzuek euskal gatazka-edo deitzen duten horrek– ohorezko tokia dute liburuan. Horrez gain, «nobela unibertsitario bat da; umorea duen liburua, umorezkoa izan gabe; bidaiak eta historia ditu, bidaia-liburua edo nobela historikoa izan gabe». Hain zuzen ere, espresuki aldendu da Zaldua historialaria batere gogoko ez duen nobela historikotik, eta batere disimulurik gabe urrundu du liburua modan omen dagoen «Erasmus literaturaren» eremutik, joera hori «pasatuko den sukarra» delakoan.
Protagonista, Joseba Anabitarte filologia irakasea, ergatiboan espezializatua, aspertuta dago Euskal Herriko giroarekin –eta, itxuraz, baita beste zenbait gauzarekin ere–, eta aukera sortzen zaionean Alaskako Anchorage hiriko unibertsitatera joango da –han euskal etxerik eta euskaldunen arrastorik ez dagoela ziurtatu ostean–, euskarari eta euskal literaturari buruzko ikastaro bat ematera.
«Iruzurgile lanetan sartuz gero gauzak ondo egitearen aldekoa naiz» dio Anabitarte irakasleak, eta gogotik saiatuko da gezurrezko Euskal Herria sortzen eta Alaskako zoko hartan dituen ikasleei Euskal Herria edo dena delako horren irudi parodiko eta faltsua saltzen. Irudimen handiz eraiki du Zaldua zientzia-fikzio zale amorratuak alegiazko Euskal Herri edo Euskadi hori, maltzurki eta maleziaz berridatzi du euskararen eta euskal literaturaren historia. Beste horrenbeste esan daiteke aldizka gorrotagarri, heldugabe, jasanezin eta sinpatiko gertatzen den pertsonaiaz.
Iñaki Hernández Abaituak ere idatzi zuen Euskal Herritik ezinbestean alde egindako irakasle mehatxatu baten inguruko nobela, Ohe bat ozeanoaren erdian (Erein, 2001), eta Hernández Abaitua izan zuen atzokoan aurkezle Zalduak. Euskaldun guztion aberria idazterakoan «injustuki oharkabean pasatu» zen nobela hura «oso presente eduki» duela azaldu zuen, liburu bien arteko aldea nabarmenduz. Hura tragedia bazen, «etsi kutsuko duen komedia» da Zalduarena, «umore isilez» –eta ez horren isilez...– «abertzaletasunaren eta identitatearen auzia» gogoetagai duena.
«Gauzak alda zitezkeela pentsatzen genuen garaien» nostalgia eta ezintasun halako baten aitorpena ere badarie esentzia ukiezinetan sinesten dutenei grazia handirik egingo ez dien nobelari. Egilearen asmoa? «Hausnarketa bultzatzea».