Saltar Menú de navegación
Hemeroteca |
RSS | ed. impresa | Regístrate | Jueves, 24 mayo 2012

Tolosa Goierri

ALEGIA

Jose Ignacio Iglesias ikertzaile alegiarraren arabera, tradizio honi buruzko lehen datu fidagarria 1592. urtekoa da

Cerrar Envía la noticia

Rellena los siguientes campos para enviar esta información a otras personas.

Nombre Email remitente
Para Email destinatario
Borrar    Enviar

Cerrar Rectificar la noticia

Rellene todos los campos con sus datos.

Nombre* Email*
* campo obligatorioBorrar    Enviar
ALEGIA. DV. Alegian guztiz erroturiko ohituraren bat baldin bada, zahagiardoarena da hori. Ezagutzen ez duenari esan, zahagiardoa afari bat bezala defini daitekeela; antolatzen duenak ardoa eta mahaiak jartzen ditu, eta herritarrek janaria ekartzen dute bertan jateko: bokadiloak, kazuelak, pintxoak... bakoitzak nahi duena.
Alegian badira hutsik egin gabe zahagiardoa egiten den egun seinalatu batzuk, hala nola, San Juan eguna, Ihauteriak edo Corpus eguna. Baina, noizkoa da ohitura hau?
Jose Ignacio Iglesias ikertzaile alegiarraren arabera, tradizio honi buruzko lehen datu fidagarria 1592. urtekoa da. «Urten hartan 100 marabedi ordaindu zituen Udalak Corpus, San Juan eta Karmen egunetan banatutako ardoengatik».
1617an, aipaturiko data horiez gain, San Fernando egunean ere ardoa eskaintzen hasi omen zen Udala, egun horretan egiten zen alardearen eta armen erakustaldiaren ondoren, eta 1739.ean, ardoarekin batera, ogia ateratzen hasi ziren.
Gaztela eta Nafarroatik
Egun horietan edaten ziren ardoak, leku ezberdinetakoak izaten zirela dio Jose Igancio Iglesiasek. «Urte batzuetan Gaztelako ardoa edaten zen; beste batzuetan, aldiz, Nafarroatik ekartzen zuten, Tudela, Gares edo Viñera bezalako tokietatik».
Ardo honen truke ordaintzen zen diru kopurua ere aldatu egiten zen urte batetik bestera: Iglesiasek dituen datuen arabera, 1762an Udalak 100 erreal ordaindu zituen Corpus egunean zerbitzatutako ardoarengatik, 122 erreal San Juan egunean eskainitakoarengatik (6 arroba eta erdi), eta zertxobait gutxiago, 75, Karmen egunean emandakoagatik. Azken hau Tuteratik ekarri zela zehazten du Iglesiasek.
Aurrerago, Ostegun eta Ostiral Santuko prozesioen ondoren, herritarrei ardoa eta ogia eskaintzen hasi ziren. «1890ean, ordea, agintariek ohitura honi amaiera ematea erabaki zuten, euren ustez Ostegun eta Ostiral Santu egunak ez baitziren egun egokiak bizilagunei ardoa eta ogia emateko. Horregatik, aurrerantzean, Aste Santuko egun horien ordez ardoa Ihauterietako igandean eta asteartean eskainiko zela erabaki zuten».
1914n erabateko debekua etorri zen; Europan lehertu zen guda zela eta, agintariek aipaturiko Ihauterietako bi egun horietan eta Corpus, San Juan eta Karmen egunetan herritarrei ardoa eskaintzea galarazi zioten Udalari.
Ardoa neurrian, bestela...
Badirudi gudaren ondoren, berriz ere zahagiardoaren ohitura berreskuratu egin zutela alegiarrek, 1918. urteko gertakari baten berri ematen baitigu Jose Ignacio Iglesiasek.
Dirudienez, aipaturiko urte horretan herritar batzuk Ihauterietan ardorik ez zedila banatu eskatu zuten; izan ere, Iglesiasek ikertu duenaren arabera, zenbait gaztek behar baino ardo gehiago edaten zuten egun horietan, eta gero herrian iskanbila sortzen ibiltzen ziren. «Gai honen inguruan asko eztabaidatu zen garai hartan, baina azkenean ohiturari eustea adostu zuten; hori bai, ardoa banatzen zuenaren esku geratzen zen ardo eske joaten zenari basoa noraino bete erabakitzea». Antzeko zerbait gertatu zen 1933an Ihauterietako asteartean ospatzen zen zahagiardoarekin. «Hurrengo egunean jendeak lanera joan behar zuela eta, astearteko festa bertan behera uztea eskatu zuten batzuek, baina kasu honetan ere, zahagiardo hori mantentzea erabaki zen», kontatzen du Jose Ignaciok.
1941ean, beste data bat gehitu zitzaion zahagiardo egunen zerrendari: Bazko Bigarrena, alegia. Horrela, gaur egun urtero honako egun hauetan ospatzen da Alegian zahagiardoa: Ihauterietako igandean, astelehenean eta asteartean, eta Corpus eta San Juan egunetan.
Horrez gain, urtean zehar egiten diren beste hainbat ospakizunetan ere egiten da zahagiardoa; esate baterako, herriko festean egitarau alternatiboaren barruan Bulebarrean egunero zahagiardoan afaltzen da, eta kasu honetan Gaztetxea izaten da ardoa jartzen duena.
Beraz, gazteek ere ohitura hau eurenganatu badute, pentsa daiteke beste belaunaldi batzuetarako zahagiardoa seguru gordeta dagoela Alegian.
Opina

* campos obligatorios
Listado de comentarios
Videos de Gipuzkoa
más videos [+]
Gipuzkoa
Vocento
SarenetRSS