«Musikari asko teknologia berriekin mozkortuta daude»

Musikari «libre eta akastunak» nahi ditu .Miles Davisen miresle den Garate estudioko soinu-teknikari honek

FELIX IBARGUTXI

Nortasun Agirian, Ignacio. Etxean, Iñaki. Eta lan giroan, Kaki. Lazkaon jaioa orain dela 47 urte, denbora asko da musikaren munduan teknikari lanean dabilela. 2000az geroztik Garate estudioan dihardu, Andoainen. Hori baino lehenago, 80ko hamarkadaren hasiera aldera, Euskadi Irratian bi musika-saio gidatu zituen: eta . «Euskal irrati-formularen hasierako garaiak izan ziren, ez dut uste oso programa onak izan zirenik», esaten digu elkarrizketaren hasieran. Lehengo astean hitzaldia eman zuen musika-teknologia berriez, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak gonbidatuta.

- Hitzaldian esan zenuen teknologia berriek demokratizatu egiten zutela musika. Orain edonork egin dezake musika.

- Baina teknologia berriek ez dute magiarik egiten. Teknologiekiko lehenengo harremanean, musikariak pentsa dezake: Joe, kristona naiz! Espejismoak sarri gertatzen dira.

- Musikariek badute baliabide tekniko berri horiekin mozkortzeko arriskua.

- Teknologiek bi eratako eragina eduki dezakete. Batetik, motibatu egiten dute musikaria eta hori positiboa da. Tresna berriren bat inguratzen duenean, harekin zerbait ona egiteko gogoa pizten zaio. Nik neronek ere sentitu dut hori, traste berriren bat erosi dugunean. Baina, bestetik, gerta liteke teknologia berrien bidez geure ezintasunak estali nahi izatea. Zera gerta dakioke talde bati, grabaketa lanean ari delarik: «Beno, jo dugu eta ez dago oso ondo, baina teknologien bidez konponduko dugu». Baina, baina, zer da hori? Tranpa pila bat dago gaur egungo musikan.

- Miles Davisen hitz batzuk aipatu zenituen hitzaldian. Alegia, musikaria akastuna dela beti, eta hori ederra dela.

- Miles Davisen plantamendua erradikala zen, baina oinarrian egia handi bat esan zuen: musikarien nortasuna akatsetan dago. Bestela denok igualak izango ginateke. Hartu Charlie Parkerren disko bat eta segituan dakizu berarena dela. Orain, berriz, musikari bati antz ematea soilik bere tinbreagatik, hori nekez gertatzen da. Hartu garai bateko baterijoleak... hara, hori Tony Williams da!, esango zenuen entzuten hasi orduko! Jende hura ez zen ibiltzen akatsak tapatzen eta dena perfektu uzten! Gaur egun ikusi egin behar da produktoreek--eta nola desitxuratzen dituzten oinarri erritmikoak... aluzinatu egiten duzu, flipatu!

- Lehen, taldeek grabaketa egiten zutenean, denek batera jotzen zuten. Gero, batzuk hasi ziren grabaketak pusketaka egiten, kide bakoitza bere aldetik, eta ondoren dena nahastu. Zuk ez duzu horrelakorik nahi.

- Itzultzen ari gara lehengo molde horretara. Eskerrak! Gaur egungo musikariak konturatzen ari dira garai bateko grabaketetan zegoen arte eta bizitasun hura galtzen ari dela, eta ezinbestekoa dela grabaketa egiterakoan denak elkarrekin jotzea. Atzo bertan Gernikako talde bat izan zen hemen, datorren urtean grabaketa egin nahi duelako, eta garbi esan zidaten elkarrekin jardun nahi dutela estudioan. Gero, jakina, aukera daukazu, gauza batzuk gaizki atera badira, teknologien bidez piska bat ezkutatzeko. Teknologiei ez diegu muzin egin behar, bereziki testurak sartu ahal izateko. Hala ere, entzun orain dela 90 grabazio haiek eta zertan egin dugu aurrera, kalitate aldetik? Ez diegu irabazten, beharbada ordukoak musikari hobeak zirelako.

- Beraz, orain helburutzat perfekzioa hartu da.

- Hona etorri zen Celtas Cortos-ekin eta Luz Casalekin jardun den baterijole bat, Tino di Geraldo; famatua da. Teknikoki ona da, baina hura hasten denean jolasten kantarekin, eta denborekin jolastuz atzeraka eta aurreraka, beraz kantaren perfekzioa hausten, orduan esaten duzu: ostia, hau bai dela ona! Gaur egungo puntako musikari eta kantari horiek zeintzuk dituzte idolotzat? Ba lehenagoko batzuk, jotzeko moduko librea zerabiltenak, baina erori dira teknologien lilura horretan. Teknologiarekin mozkortuta daude.

- Beste kontraesan handi bat: grabaketak egiteko izugarrizko balipaide teknikoak erabiltzen dira, baina gero musika horiek tresna txikietan entzuten dira: mp3-etan, alegia.

- Edota okerrago, telefonoetan! Eta horietan erabat konprimi- tuta egoten da musika, badaki- zu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos