Leitzara bizitzera etorri baino lehen, Goizuetan ezagutu zintudan, han 1971-72 aldean. Auzoan abudo ikasi genuen, Errerora etorri omen zela fraile alai umezale bat. Hagitz ongi oroitzen naiz oraindik, igande arratsalde batez, Erreroko sukaldean nola kantatu zenizkigun haurkanta xoragarri batzuk, zeure kitarra eskuan zenuela.
Beste igande ilunabar batean, berriz, Tobeneko Bordara joanak ginen ezti bila, eta zu Errerotik etorri zinen, familia guzia atzetik zenuela, aitona Mañuel xaharra ezongi samar zegoela eta, meza ematera. Jende mordoxka batek egin genuen mezalegea, eta orduantxekoa dut nik elizaz kanpo entzundako meza baserritar bakarra.
Handik hogei urtera ikasi nuen, berriz atzera, gu mutiko ginela Errerora etortzen zen Aita Anjel Mari huraxe eta berbera omen zela Gotzon Garate sonatua. Ezin nuen sinestu. Eta umetako oroipen eder haiei esker, halako sentipen erantsi batekin segitu izan ditut zure idazlanak. Batez ere hiru izan ditut, besteak ez bezala, gogoan gelditu zaizkidanak: Goizuetako ezkongabeak, Nafarroako Ezkurran eta Erderakadak. Hiruen ala hiruek ere, jasotzen baitute nire haurtzaroko sinfonia lurrezko haren aztarna bizi ugari.
Behar bada, hiruetan biho-tzekoena, Nafarroako Ezkurran, hartan ikusi bainituen nire bizian aurreneko aldiz, zure eskuz letra eder bihurtuak, ezkurrarren bizkar etxean aditutako ipuin harrigarri asko. Urtero berritzen zizkigun aitak, negu aldeko ilunabarretan, argi ahul baten inguruan, familia osoa artazuriketan ari ginela. Hitzaren fantasiak zenbateko indarra duen, ganbara xahar hartan ohartu nintzela daukat. Nire orduko bihotzak bakarrik baitaki zergatik diedan geroztik halako xarma ezkurrarrei.
Orain hurrena, laneko istripuz hil zen nere lehengusu gazte baten, Jesus Loiarte Konxingoaren, hiletakoan ikusi genuen elkar. Zuk zeuk eman zenuen meza, Maleneko ermitan, Goizuetako eliza berritzen ari zirelakotz.
Baina, badira beste hamaika ere, zuk ongi ezagutu zenituen goizuetar haietatik, beste mundura joanak. Tobereneko Borda eta Errerotik bakarretik ere, ez gutxi. Meza eskeini genion aitona Mañuel ximel hura. Non edo han, beti xirrika xarraka lanean aritzen zen Doinixio mutilxahar xaloa. Eta ongi ezustean heriok eraman zituen Jema eta alaba maite haiek?... Eta Erreron zer esanik ez. Han ere joantxe dira xaharrak, banan banan: Antonio, hargin antzoso hura. Mikela, borondate onegiko etxekandre hura. Anai-arreba muttu maitagarri haiek biak. Ezkontzaz jonkia zen Joanito Beltza. Auzoan atzeneko tokaioa nuen Pa-tziku zuhurra. A, zer nolako borragoma, denbora! Eskerrak, haien ahotik jasotako hitz, esanera, eta kontu eder asko, erlikia moduan irago diren gure bihotzera, zure lan xuhur eta txukunari esker.
Eta hiztun elebakar xalo haiek guziak eta zu poliglota haundi hori omentzeko, badakizu zer etorri zaidan burura, Gotzon? Behiala Jakin-eko 121ean idatzi zenuen "Euskal Herria elebidun" artikulua. Gaur inork aditu nahi ez duen anakronismoa dirudi gurean, baina, nire bizia dela esan dezaket. Hona pasarte batzuk:
«Miguel de Unamunok euskarari buruz pellokeria haundiak esan zituen, baina, tarteka egia borobilak ere bai: 'El vascuence y el castellano son incompatibles, dígase lo que se quiera, y si caben individuos no caben pueblos bilingües; es éste de la bilingüilidad un estado transitorio...'
«Eta espainolek ere bi edo hiru hizkuntza jakin beharko al dute? Eta frantsesek ingelesez eta alemanez? Ez dakit. Espainolek bi hizkuntza mintzatu behar dituztenik ez dugu sekula entzuten».
Gauza beratsuak esaten nituen nik neronek, nire zakarrean, hamar urte lehenago, Egunkaria sortu berri hartan, Gogoetari leiho sailean, 1991eko martxoaren 5ean: «Euskaldun zuzenak izatera, euskara ezezik kastillanoa eta frantsesa ere jakin beharko omen genituzke gutxienetik. Hala aditzen nion lehengo batean, Ramon Etxezarreta jaunari. Bi auzoerdarak eta, ingelesa gainera, esaten zuen berriz, beste batean Xabier Mendigurenek. Txorakeria izugarria iruditzen zait. Naifkeria hutsa. Santa sekulan inongo herritan gertatu ez den gauza».
Herri izatearen kontraesanik haundiena. Herri baten izakera eta berezitasuna elebakarrari zor baitzaizkio eta ez beste inori. Bi hizkuntzatan ongi mintzo dela edo ongi idazten duela uste duena, eta hiru edo lau hizkuntzatan zer esanik ez, erdipurdiko bizimoduaren eredu baizik ezin liteke izan. Gaurregungo kulturak bizi duen mediokritatearen ezaugarririk nabariena horixe duzu.
Ez, ezin dut imajinatu inor, munduko sorkari bakoitza aldiro binaka senditzen eta izendatzen. Gure bihotza ez da horren hipokrita, nahita ere ezingo luke izan aldiro aho biko. Guztiz bat nator zurekin, Go-tzon. Horregatik poztu nau izugarri, ni ez bezala, hizkuntza ugari gogotik ikasia izanarren, elebakar izateak berez duen zentzu naturala horren ederki azaltzen saiatu zarelako. Hagitz aproposa baita zure kasua, gai honen bi alderdiak behar bezala ulertzeko. Eta oraindik zeha-tzago esanen dizut zergatik.
Zure lan gaitzetan, bi alderdi nabarmen bereizten ditut nik: euskalari saiatua zarela ongi erakutsiz egindako bilketak alde batetik, eta literaturako sormen lan ugariak bestetik. Baina, bi alderdi horietan, sormenezko lan guziek, ederki nabari dute elebakar biziari ez darion halako gramatika zurrunegi bat, euskaldun hutsaren belarrira gogor egiten dena.
Estimu haunditan dauzkat, eta lan bikainak dira, batez ere, Erderakadak eta Atsotitzak, eta atseginez leitu eta aipatu dizkizut. Euskaltzaindiko aprobetxategi askok baino meritu askoz haundiagoko lana egin duzu alderdi horretatik, eta zenbait sasimaisuk baino hobeki erakutsi dizkiguzu, euskararen on eta gaitz asko.
Baina, zure sormen lanak, Goizuetako ezkongabeak, Nafarroako Ezkurran, Elizondoko eskutitzak, Esku leuna, Zakurra zeure laguna eta beste asko, ez zaizkit horren atsegin, hizkera aldetik. Eder suma aisa hartzeko, hizketari berez darion isuria, zinezkotasun bihurria eta bizitasun malgua falta zaio zure idazkerari. Nola esan: euskararen zientzia zuzenetik badakizu aski, baina, hizketa bizi horren poesia hezigaitzetik du eskas zure estiloak.
Bestetara gabe, zeure baitan gorpuzten diren bi alderdi horietxek erakusten dute ederki, eleanitza edo elebakarra izateak, nolako eragina duen gizaki baten eta beraz gizarte baten izate funtsezkoan, eta halaxe berberean gizaki eta gizarte horren hizkeran eta literaturan.
Behar bada gehiegi luzatu naiz. Bi hitz aski bainituen. Zure eta nire izenak. Horietxek erakusten baitute, beren soilean, zure eta nere arteko aldea ederki, euskara kontuan. Zu Gotzon zara eta Patziku naiz ni. Begira ongi izen horien historiari. Halatsukoa da gure hizkeren eta estiloen arteko aldea ere. Baina eskerrak bihotza dugun zubi!...