DV. 1992an beste olerki--liburu bati ekin zion Juan Mari Lekuonak. 2003ra bitartean jardun zen olerkiak idazten eta liburuaren egiturari buruzko gogoetan. Orduan gaixotu egin zen, eta handik bi urtera, 2005ean, hil. Senitartekoek Jon Kortazar irakasle eta kritikariari utzi zizkioten material poetikook eta orain argitara eman dira. Euskal Herriko Unibertsitatearen Gaur egungo euskal poesia bildumaren barruan publikatu da liburua eta Ibaiak basamortuan du izenburu. Berez ez dira olerki asko: zazpi, guztira.
«Liburu baten historia»
«Liburu baten historia da liburu hau -esan zuen Jon Kortazarrek atzoko aurkezpenean-. Juan Mari Lekuonak bazuen buruan liburu baten eskem a, diseinua, eta behin eta berriz halako krokis batzuk egiten hasi zen. Berrogei aldiz agertzen dira horrelako bozetoak Juan Marik utzitako koadernoetan, egia esan zirriborro horiek ez dira garrantzitsuak irakurle arruntentzat, eta bi bakarrik publikatu ditugu. Bestalde, poema gutxi utzi zituen: zazpi. Atal batekoak, dirudienez. Zazpi ataleko liburua egin nahi zuen eta atal bat besterik ez zuen osatu».
Hasieran Desertuan gora da jarri zion izenburu olerki bildumari. Gero, 2003an, aldatu egin zuen eta Ibaiak basamortuan hobetsi.
Liburuaren gaiaz eta estiloaz honela jardun zuen Kortazarrek atzokoan: «Joera erlijiosoko liburua da eta mistikarako gogo handi bat agertzen du Juan Marik. Mundu sinboliko bat ere ageri da, berak asko maite zuena. Libururen bat egiten zuen bakoitzean estetika aldatu nahi izaten zuen, baina oraingo honetan nik uste dut estetika Mimodramak eta ikonoak hartako estetika bera dela».
Lekuonari gustatzen zitzaion bere poemak era berezi batean argitaratzea: ezkerreko orrialdeak beti zuri, eta testua eskuineko orrialdean. Liburu hau ere era honetara eman da argitara.
Olerki guztien bilduma
Lekuona lehenengo idazlea da Euskal Herriko Unibertsitatearen Gaur egungo euskal poesia bilduman bi liburu publikatzen dizkiotena. Aurrekoa, Ibilaldia-Itinerario izan zen, non ordurarteko poema guztiak bildu zizkioten.
Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean, hango erretoreorde Ludger Mees aritu zen atzoko aurkezpenean. «Garaiko poeta handienetako bat izan zen Lekuona, eta intelektual handienetarikoa», esan zuen.
Jean Haritschelhar ere gonbidatua izan zen aurkezpenera. Honela jardun zen euskaltzainburu izandakoak: «Norbait baldin badut gogoan, Juan Mari Lekuona da. Ni euskaltzainburu izan nin-tzen garaian bera euskaltzainburuordea izan zen. Beti adiskide mina izan zen, eta aholku emailea. Banekien galdetu ahal niola aholku bat. 1989an elkarrekin jalgi genuen Iker Saila eta Literatura Ikerketarako Batzordea. Bereziki liburu honetan preziatzen dudana da ematen dituela olerkariaren zirriborroak. Hor ikusten da gizon honek nola egiten zuen bere poesia».
Liburuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza izan du. Hango ordezkari Frantxis Lopez Landatxek hau esan zuen: «Nire-tzat ikono bat izan da Lekuona. Bere izena ikusteak beti hunkitu egiten nau. Pozgarria da bere paperen artean horrelako altxorra topatu izana».
Apaiz, irakasle eta euskaltzaina izanik ere, Juan Mari Lekuona (1927-2005) poesiaren alorrean nabarmendu zen batik bat. Azken urteotako egilerik estimatuenetakoa da euskal olerkigintzan. 1966an argitaratu zuen aurreneko poesia liburua: Mindura gaur. Ondoren liburu hauek kaleratu zituen: Muga beroak (1973), Ilargiaren eskolan (1979) eta Mimodramak eta ikonoak (1990). Gero, 1996an, Euskal Herriko Unibertsitateak bere olerki guztien bilduma plazaratu zuen, gaztelaniazko itzulpena erantsita; Ibilaldia-Itinerario zuen izenburu liburu zabal hark. Eta 2000an antologia bat publikatu zitzaion, Koldo Izagirreren ardurapean, XX. mendeko poesia kaierak bilduman.
DVDa Oiartzunen
Biziaren azken urteetan omenaldiak izan zituen. Adibidez, 2002an Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaini ziotena. Hurrengo urtean, apaizgoaren 50 urteak zirela-eta egindako agerraldian antz eman zitzaizkion lehenbiziko aldiz gaixotasunaren zantzuak.
Hil eta gero Oiartzungo Udalak opari ederra egin zion. 1989az geroztik, urtero-urtero bideo edo DVDren bat plazaratuak zituen, Xanistebanetako jaiei begira. Iazko uztailean, berriz,beraren olerkigintzari buruzko DVDa plazaratu zuen, eta bertan poeta bera ageri zen bere olerkiak errezita-tzen; eta batzuetan baita kantuan ere. Izenburu hau ipini zioten emaitzari: Berez doana zertan behartu.