DV. Atzo jokatu zen Euskal Herriko XX. eskolarteko bertsolari txapelketaren finala Altsasun, eta bertan Zumarraga-Urretxuko bertso eskolako Maialen Akizu izan genuen txapeldun txikien mailan. Final honetan Euskal Herriko herrialde bakoit-zeko 2 ordezkari izan ziren kantuan, eta Maialenek Gipuzkoa ordezkatuz kantatu zuen, Amaia Urbieta zarauztarrarekin batera. Saio paregabea osatu zuen 12 urte besterik ez dituen gaztetxoak.
Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako bertsozaleek itxura polita eman zioten Altsasuko Burunda pilotalekuari. Saioa goizeko 11etan puntuan hasi zen, gai orokor baten inguruan kantatu beharreko agurrarekin. Maialenek 10eko handi dotorea bota zuen, disfrutatzera etorri zela azpimarratuz. Jarraian, 4 oinak emanda bertsoa bota zuten 8ko txikian, eta ariketa honetan ere ale politak en-tzuteko aukera izan zuten bertsozaleek.
Agurra eta lau oinekin bertsoa bota ostean, 8ko txikian ofiziotan egitea tokatu zitzaien bertsolariei. Maialeni Bingen Sainz arabarrarekin kantatzea egokitu zitzaion, gai honen inguruan: «Bi ama zarete, bizilagunak. Maialenek tronpeta bat oparitu zion bere semeari, eta aste pare bat pasata, Bingen kexatzera etorri zaio tronpetaren zaratagatik». Ariketa honetan, Maialenen bizitasuna agerian geratu zen; honatx, lehenengo bertsoan kantatu zuena: «Nola oso txintxoa / daukagun guk Kepa // nahi zuen ta erosi / nion nik tronpeta // gaurkon etorri zera / belztuta kopeta // jolasten utziozu / umea da eta». Bingenek euren arteko adiskidetasuna amaitu zela bota zion eta honela erantzun zion Maialenek, ausart: «Lagunak gera oraindik / eta dago klaro // tronpeta ez duzu atsegin / da oso arraro // zurea egun guztin / negar baten dago // tronpetaren soinua / det askoz nahiago». Ikaragarria. Bingenek amesgaiztoa amai zedin eskatu zuen, bertsoaldia borobilduz.
Lehenengo atala amaitu ostean, sei bertsolarik egin zuten aurrera, Maialen Akizu tartean zela: Maddiane Txoperena, Amaia Elizagoien, Eñaut Saldumbide, Mikel Cherbero, Johaiñe Sarraillet eta Maialen Akizu bera. Lehendabizi, hitza gaitzat harturik bertsoa osatu behar izan zuten. Hondar-tza izan zen Maialeni egokitu zi-tzaion hitza eta bertso eder hau bota zuen: «Nahiz eta uda non pasatuko / eduki nuen zalantza // negua hotza izan degu ta / udak du beroan antza // musika eskola, gitar klasea / futbola edota dantza // estresangandik ihes eiteko / onena degu hondartza». Jarraian, ofiziotan egin behar izan zuten ostera, 8ko nagusian. Maialenek Irulegiko Mikel Cherberorekin kantatu zuen, ondorengo gaiaren inguruan: «Mikel, arran-tzan ari zara eta zerbaitek heldu dizulakoan tiraka hasi zara. Zer aterako uretatik eta Maialen, igerian dabilena». Bertsoaldi ederra osatu zuten biek, eta Maialenek ateraldi politak izan zituen, arrantzalea baino indartsuagoa zela esanez lehenengo bertsoan eta berak ere arrantzatzen baze-kiela esanaz bigarrenean, urpean arrantzatzen, baina.
Epaimahaiaren erabakiz, Maialen Akizu izan zen hamalau bertsolarien artean onena, eta Hendaiako Maddiane Txoperena bigarren. Agurrean, senide eta lagunei eskerrak eman zizkien, halako lagunekin edozer posible dela nabarmenduz. Astelehen gauean izango dugu Euskal Herriko txapeldun berria herrian kantuan entzuteko aukera, bertso eskolako lagunekin San Juan suaren inguruan egingo duten saiotxoan.