Adituek diotenez, giza espezieak milioika urte daramatza munduan. Baina noiz piztu zitzaion kontzientziaren argia? Ez gara sartuko eztabaida horretan. Ez dugu eztabaidatuko, ezta ere, kontzientzia zeinen baliosa izan zaion gizakiari mila batailatan sartzeko eta guztietatik onik ateratzeko.
Alabaina, kontzientziaren erruz jabetuko da mugak ere izugarriak dituela: handietan handiena, heriotza. Geroztik, beste ezertan aldean denbora eta indar asko enplegatu eta kontsumitu du heriotzaren errealitate gordinari irtenbidea eman nahian, bizitza horretan baitan antolatzeraino.
Ondorioz, medikuntzak aurrerakuntza handiak egin ditu, medizina paliatiboa barne; erlijioek sekulako garapena izan dute; eta, esango nuke, herio-tza gainditu nahiak eraginda sortu direla poesia eta, oro har, artea; gainditu nahiak edo, agian, ahaztu nahiak; hortik datoz tabuak.
Ahazte kontu horretan, memoriak du erru nagusia. Memoria oso selektiboa da, eta pertsonaren nahikundeei lotua. Memoria kolaboratzaile handia da pertsona batek gustuko eta gogoko gauzak gogoratu nahi dituenean; horiek gorde eta erregistratzen ditu zorrotz markaturik, eta, aldian-aladian, gogoraraziko dizkio interesatuari. Horrek ez du esan nahi gertaera desatseginak gogoratuko ez ditugunik; memoriak lagunduko digu, ordea, oroitzapen txarren indarra moteltzen.
Gainera, geu ere memoriaren kolaboratzaile handiak gara: erruz ahalegintzen gara gogoko ez ditugun gauzak saihesten; adibidez, zenbait irudiren aurrean telebista itzali egiten dugu; berri batzuk ez ditugu entzun nahi izaten; batez ere, horiek heriotzarekin edo kontu tristeekin zerikusia dutenean.