TOLOSALDEA. DV. Aski ezaguna da Ausa Gazteluk gure historian zehar izan duen garrantzia. Zaldibia eta Abaltzisketa artean kokatua dago, Aralar mendilerroan, ia 1.000 metroko altuera du eta Erdi Aroan bere tontorrean egon zen gaztelutik datorkio izena. Dirudienez, gaztelu hau Gipuzkoa eta Nafarroaren artean XII.mendean jarri zuten mugan kokatuta zegoen, eta hain zuzen ere, muga horixe zaintzea omen zen bere eginkizun nagusia. Ez, ordea, bakarra.
Izan ere, Ausa-Gazteluko gaztelua aipaturiko muga hori baino lehenagokoa zen, eta badirudi belardietarako sarrerak eta abelbideak zaintzeko eraikia izan zela, garai hartan, abeltzaintza baitzen jarduera ekonomiko nagusia, eta ondorioz, belardiak aberastasun iturri garrantzitsuenetako bat. Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean (Gipuzkoa barne) gaztelua muga bihurtu zen, eta hainbat liskar gertatu zen derrigorrez Gaztelarekin borroka egiten zuten gipuzkoarren eta euren erresuma propioa defendatzen zuten nafarren artean.
Aipaturiko guztiarengatik, Ausa-Gazteluko gaina leku sinbolikoa izan da Nafar Estatuaren historian. Hori dela eta, Tolosaldeko eta Goierriko nafartarrek mendi hau aukeratu dute Nafarroako Estatuaren zilegitasuna aldarrikatzeko. Horretarako, datorren iganderako, maiatzaren 18rako, mendi martxa antolatu dute Ausa Gaztelura.
Goizeko 10:00etan Larraitzen elkartuko dira eta Ausa Gaztelurako bidea hartuko dute. 11:30ak aldera aurreikusten dute tontorrera iristea. Behin guztiak han bildutakoan, gazteluan Nafarroako bandera zutituko dute, txistuz Nafarroako Gorteen ereserkia joko da, komunikatu bat irakurriko da eta bertso pare bat abestuko dira.
Behin tontorreko ekitaldia amaitutakoan, Larraitzera jaitsiko dira bertako tabernetan zerbait hartzeko, eta 14:30en bueltan lagunarteko bazkaria ospatuko dute.
Garrantzia historikoa
Aipatu bezala, Ausa-Gazteluko gaina leku sinbolikoa da Nafar Estatuaren historian. Erresumaren ekialdea eta mendebaldea lotzen zituen bidexken zaintza-gune izan zen eta 1200. urteko konkistaren ondoren Nafarroako insituzio legitimoen esku egon zen. Gaztelarren inbasioa baino hamarkada bat lehenago, Nafarroako erresuma egungo Santanderko Kastroraino zabaltzen zen. Honela adierazten du Museo Britainiarrean dagoen 1190.urteko dokumentuak: «Jakina da Hispania arteko lur guztia Ingalaterrako erregearena dela; Oiarsouna izeneko portuak banatzen du Ingalaterrako eta Nafarroako erregeen muga". Iparraldea ingelesen esku zegoen, eta «Nafarroako erregearen lurra Oiarsouna portuan hasi eta Kastroraino» iristen omen zen. «Bertan banatzen dira Nafarroako eta Gaztelako lurrak», dio dokumentuak.
Antolatzaileek Nafarroako Estatua aldarrikatu nahi duten guztiak deitu dituzte igandean ospatuko den mendi martxan parte hartzera.