ANDOAIN. DV. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 2007ko
Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamenaren
irabazlea ezagutzera emateko ekitaldia ospatuko du
datorren larunbatean, eguerdiko 12:00etan Andoaingo
Bastero Kulturgunean. Idazle sarituarekin batera, bertan
izango dira Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko
lehendakari Jon Unanue Lopez jauna, 111 Akademiako
akademiaburu, Eloi Egibar Sudupe jauna eta Eusko
Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Euskara
Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozano Santos jauna.
Aurtengo irabazleari saria eman ondoren, Bide Ertzean
taldeko Imanol Ubedak musika emanaldia eskainiko du,
taldeko beste kide batek lagunduta, eta ekitaldia
amaitutakoan zizka-mizka batzuk dastatu ahal izango
dituzte bertaratzen diren guztiek.
111 Akademia
Euskal Herri mailako sari hau bakarra da bere
berezitasunean, irakurleek aukeratzen baitute urtez urte
nork merezi duen Beterriko Liburua Ohorezko Literatur
Aipamena. Sariaren XII. edizio honetan, iaz sortu zen
111 Akademia izan da saria nork merezi duen erabaki
duena, euskal literaturzaleen lehenengo akademia alegia,
eta aurrerantzean ere akademia hau izango da sariaren
hautaketaz arduratuko dena. Une honetan, Euskal Herri
osoko 98 irakurlek osatzen dute 111 Akademia, eta pasa
den urtean zehar argitaraturiko liburuak irakurri
ostean, irakurle horiek erabaki dute, botu bidez, zein
izango den 2007ko Beterriko Liburua. Datorren
larunbatean ezagutuko dugu, beraz, 111 Akademiako
irakurleen erabakia.
Sari banaketa ekitaldiaren aurretik, goizeko 10:30etan 111
Akademiak bere I. Biltzarra ospatuko du Bastero
Kulturgunean bertan, besteak beste, 2008ko lan egitaraua
zehazteko.