HONDARRIBIA. DV. Udaleko Kultura eta Euskara
departamentuek asteburu musika eta dantza asteburu bat
antolatu dute. Larunbaterako erromeria egongo da
Alamedan eta iganderako aldiz, Hondarribia Dantzan
ekitaldiaren bigarren edizioa goiz eta arratsaldez
burutuko da.
Xabier Tife Kultura zinegotzia, Ixabel Olazabal
Euskarakoa eta Eder Valladares Kemen Dantza Taldeko
erantzulea ekitaldi honen berri eman zuten atzo udaleko
areto nagusian.
Lehenik eta behin Xabier Tiferek adiearazi zuen zehazki
zeintzuk dira ekimen hauen helburu nagusiak. «Jendeak
dantza egiteko aukera izatea nahi dugu, baita dantzak
ikustekoa ere. Horretarako ekitaldi aberats bat prestatu
dugu asteburu honetarako, fandangoak, arin-arinak,
baltsak, kontradantzak, kalejirak, jotak nahi
duenarentzat ekitaldi irekia gorputza astintzeko»,
gainerazi zuen EAko kidea.
Ixabel Olazabalek, bestalde, ezagutzera eman zuen
aurreneko egunean burutuko diren ekitaldiak bileraren
inguruan. «Jaialdia larunbata arratsaldeko seietan
hasiko da Alamedan. Parte hartuko duten taldeak Auntxa
Trikitixa Eskola eta Irungo Musika Eskolako ikasleak,
Hondarribiko Musika Eskolako Trikitixa Taldea eta Orots
taldea izango ditugularik».
Honez gain, gonbidapena luzatu zien herritarrei bertara
hurbil daitezen. «Jendeari parte hartzea eskatzen diogu,
aspaldian Alamedan horrelako erromeriak egiten ziren eta
egokia iruditu zaigu berreskuratzea». Dena dela,
eguraldia lagun ez bada, Jostaldi pilotalekura pasako da
egitaraua.
Eder Valladaresek, Kemen taldeko ordezkariak, 'II.
Hondarribia Dantzan' zertaz datzan azaldu zuen.
«Dantzaren eta orohar folklorearen inguruko festa dugu,
bertan hezkuntza ikuspegia zein alde ludikoa
barneraturik daudelarik. Gure helburu nagusienetako bat
bailaran hainbat ekintza kultural sustatzea izanik,
Hondarribia Dantzan ere ildo horren barnean kokatzen
dugu». Valladaresek gainerazi zuen jaialdi hau «zer
esanik ez, euskal kultura dantzatuaren zabalketaren alde
lan egin ahal izateko bidea ere bada».
Egitaraua ostiralean bertan jarriko da martxan. Izan
ere, folklorea eta etnografiaren inguruko hitzaldi
batekin emango zaio hasiera.
Ansorenaren hitzaldia
Hitzaldia Jose Inazio Ansorenak, Donostiako txistulari
bandako zuzendariak, besteak beste, emango du.
Izenburua: 'Tradizioa: benetako balioak'.
Igandeari dagokionez, aintzat hartu beharra dago
eguerdiko 12.30etan burutuko dela Dantza agerketa.
Partehartzaileak: Donibane Garaziko Arrola, Lantziegoko
Iradier y Salaberri eta Berako Gure Txokoa dantza
taldeak eta Baztango dantzariak izango dira.
Jarraian, bazkari herrikoia Talaia ikastetxeko Biteriko
frontoi txikian. Arratsaldean berriz, Imuntzo eta Beloki
musika taldeak dantzaldia burutuko luke, bertan taldeetako
partaideekin batera herritarrak parte hartzera gonbidatu
nahiko genuke.