DONOSTIA.DV. Euskaraz bizi egitasmoaren baitan ekin zion duela hiru urte Ikastolen Elkarteak Xabiroi komiki-aldizkaria argitaratzeari, gabetasun handiak dituen euskarazko komikiaren alorrean gazteentzako produktuen eskaintza aberastu nahirik.
Hiru hilabetez behin argitaratzen den aldizkariko istorio batek -Juan Luis Landa eta Joxean Muñozen Irati-k- albumerako jauzia egin zuen iaz. Aldizkari barruko bidea amaiturik, urrats bera egin du oraintsu Harkaitz Canoren gidoia eta Iñaki G. Holgadoren marrazkiak biltzen dituen Piztia Otzanak-ek. «Orain arteko esperientzia oso ona izan da», azaldu zuen proiektuaren arduradun Dani Fanok, segida izango duela aurreratuz. «Aldizkaria ikastoletatik kanpo ere banatzen da, baina oso gutxi. Albumak beste publiko batengana heltzeko modua eskaintzen digu, eta euskarazko komiki oso gutxi egiten direnez, irakurlegoa horien egarriz dago».
Istorio beltza
Proiektuak euskararen sustapenarekin lotura estua izan arren, beste zerbaitetarako ere balio du: komikiaz gozatzeko. Adin mugarik gabe, kasu honetan. Harkaitz Canok ere gogoko du bere idazlanek beste zerbaitetarako balio izatea: «Idazten duzuna beste zerbait bihurtu daitekeelako da ederra idaztea»; besteak beste, «komikigile batek zure gidoia beste zerbait bilakatzen duelako».
Eskarmentu handia du komikigintzan Iñaki G. Holgadok. Harkaitz Canok, berriz, aurrenekoz heldu dio komiki baterako gidoiak idazteari eta horrek ematen duen «erabateko askatasuna» baliatzeari. Bi urtez jardun dira elkarrekin, pozik eta gustura itxuraz, eta Piztia Otzanak amaitu ondoren beste proiektu bat prestatzen ari dira.
Film beltzen kutsua du komikiak. Travis izeneko protagonista soto batean esnatzen da goiz batez, memoria galduta eta animalia disekatuz inguratuta. Nor den ere ez dakiela, piztia otzan horiek barrualdean dituzten egunkari zatiak erabiliko ditu bere burua kokatzen saiatzeko. Bunker moduko horretako ate itxiaren bestaldean bada noski bestelako pertsonaiarik, bada akziorik, bada suspentserik...
Canok «zinemaren inguruan dudan obsesioa» komikira eraman du, eta bidelagun aparta izan du horretan Holgado. Euskal Herrian zinemaren inguruan dagoen obsesioa komikira eramatea ere gomendatu zien horretarako eskumenak dituztenei, «komiki onik ez duen herriak ez baitu film onik egingo».