Behin hala leitu nion Joseba Sarrionandiari Ni ez naiz hemengoa liburuko 35. orrian:
«Beste inon ez dut entzun, Durango aldean baino, 'keleto' hitza, ergela edo boboa adierazteko. Amodio leienda tragiko bat entzuna dut hitz horren sorrera adierazteko, baina ez naiz hona ekartzera ausartzen».
Pasarte hori leitu bezain pronto, Goizuetako hartaz oroitu nintzen, Pellobaztanen bordako Kleto zenaz. Gizajo samar horietakoa omen zen. Eta harena ere, amodio kontua daukat gogoan, etxean aitari aditua. Lubinera enkarguak egitera etorri, eta jakina, gizajo samarra zen hartan, adarra jo behar jendeak:
- Ze mouz itxen Kleto? Zer dite ba, Petrak eta, Oxemarik eta?
- Antxe: xi ta, no ta…
Erdaraz aritzen zirela, alegia. Petra iloba zuen Kletok, Leitzatik joandako neskatxa, eta Joanaren Josemari, hura kortejatzera joaten zena. Gero, maitasun desengainu hartatik erotuxe omen zen Petra. Nik ezagutu nuen Leitzan, burutik nahastuxea, herriko mutiko guzien entretenigarri. Eta orain, juxtu, durangar bat bizi da haren lekuan, maitasun ixtoriak medio leitzartua.
Hölderlin ederminez erotuaren poesia Ereinek argitara zuen egunean, Xabier Galdos oñatiarra ezagutzeko aukera izan nuen. Gero ikasi nuenez, berak pagatuxe omen zuen Eduardoren euskaratze lana. Bejondiala Xabier! Hala bada, behintzat, hiri esker pasa baititut atseginaldi on askiak, Friedrich gizajoaren eromen jainkozkoan. Eta oraindik pasako ditudanak.
Kontua da, egun ero hartan ere, zorioneko Kleto nerea atera zitzaidala bidera. Goizuetarra nintzela esan nionean, Xabier jaunak, behiala Jose Antonio Ayestarani Txileko Santiagon aditutako ateraldi zelebre hauxe berritu baitzidan:
- Aizak hi Ruperto,
kusi al duk Pilloztanbordako
Kleto?
- Bai, bai, Suroko e(g)in e battuk majiña bat erdiero, kojo ta tuerto.
Azken hirukote hau, Maier-tzeko bordakoa zen Aranon. Ikus Goizueta eta Aranoko hizkerak liburuko 247 orrian. Eta Ruperto horren kontuak, berriz, 237 orrian. Ateraldi zelebre hau aipatzen dut zer edo zer Leitzako Errege Erreginak liburuan, 474. orriko 67. oharrean. Baina Kleto gizajoa badirudi baten baten eromenak nahastu duela ateraldi ezagun horretan.
Eta horra denbora, taigabe sentimentu josten. Banoa lehengoan Goizuetako udal artxibora. Bordaxarren jaiotako aitonaren senideen aztarren bila, eta hor non atera zaidan bidera berriz ere nere bihotzeko Kleto:
«Ana Cleto Yñarrea Lazcano nació a las seis de la mañana del día 15 de julio de 1891, en Espide 24». Pillobaztanen bordan, beraz. Aita Agustin goizuetarra zuen eta ama Marijoana leitzarra. ((Aitaldeko aiton amonak: «Fco. Ignacio viudo» eta «Juana Antonia Alcoz» leitzarra baita. Amaldeko- ak: «Juan Bautista Lazcano ya difunto» eta Maria Bautista Soroeta.
Atzeneko honen esaldi sonatua bazen Leitzako hizkeran fosildurik gelditua. «Maatixtek hitzek haundi». Isidro Dendarinekoari ikasi nion. ))
Jaiotz agirian bertan esaten da noiz hil zen ere. «Falleció el 28 de febrero de 1952». Zeinen zentzagarriak eta zeinen maitagarriak, ezerezean galdutako ero unibertsalok. Gero esanen didate niri, txokokeriarik ezin dela uniber- tsaldu! Bai, hona giza bihotza, sasirik ilunenean galdutako sorkari dohakabe, ahoz aho, herriz herri (Goizueta, Durango), Lurraldez lurralde (Europa, Amerika).
Bai, begiratu dut bai interneten, baina, keleto meleto guziak ez dira ageri han. Bihotzekoenak falta dira oraindik, unibertsalenak.. Horregatik ikasiko nuke pozik, hasieran aipatu dudan Durangaldeko maitasun ixtori hura ere.