Lanak. Lanak izaten ditugu astelehenean lantokira joaten, asteburua normala izan denean. Lanera joaten baikara astelehenetan ere lantokira, nahiz eta funtzionario izan. Fun-tzionario langileak izan, nonbait. Lanera joateko lanak, berriz, handik honakoak izaten dira, asteburua handik honakoa izan denean. Haragizkoak izan, nonbait, funtzionario langileok ere.
Eskerrak, ordea, gehienetan gu baino gehiago den norbait izaten dugun alboan. Zaila ere ez da, jakina; motz geratzen baita sarritan gure sasoia, zein eta oso sasoiko izan gaitezkeen; beti ezin sasoi betean ibili-eta.
Kontua da, behintzat, jota iritsi nintzela herenegun lanera: alferkeriak jota, nekeak erasanda, arima arrastaka eta animoak auzoan. Eta hamarretarako, ia flakiak jo ninduen, fundamentuz gosaltzeko ere gauza izan ez nintzelako. Eskerrak lankide argi bat nuen gertu samar.
-Zer moduz, Koro. Ajerik bai? -galdetu nion, zerbait esan behar-eta.
-Hementxe: dongedadeak eraitsita -hark sinpatiaz, nire planta ikusita.
-Nola esan dun? Zerk eraitsita?
-Dongedadeak. Gaizki al dago, ba? Askotan esaten zuen amona zenak.
Hantxe bukatu ziren nire dongedadeak. Eskuar nituen hiztegi guztiak miatu eta arakatu nituen -zahar eta berri eta azken orduko, paperezko eta digital-, baina dongedadearen arrastorik ere. Harik eta...
Harik eta, Azkueren hiztegian -non, bestela?- donge hitzaren esanahi galdua topatu nuen arte: (G-and), hombre flojo, tardío en sus cosas. Alegia, andoaindar bati jasotako esanahia -nori, bestela?-. Herenegun, ordea, aginagatar batek atera zuen andoaindarra dongedadetik. Eskerrik asko, Koro.