Sarritan entzuten edo irakurtzen dugu gaur egungo gizarteak lehen indarrean zeuden balioak galdu dituela edo, behintzat, delako balio horiek galbidean daudela.
Hainbestetan errepikatzen den baieztapenak izango du egiaren izpiren bat. Baina horretarako arriskutan omen dauden balioak zeintzuk diren zehaztu behar litzateke. Adibideak behar genituzke, baieztapenak egiten dituenak zertaz ari den jakiteko.
Galdu da, adibidez, emakume ezkongai batek ume bat zuenean berak eta bere umeak jasotzen zuten bazterkeria, gizarteak argi eta garbi adierazten zien gaitzespena. Galtzen ari da, mantso, baina ari da galtzen, sexu bereko pertsonekin harreman afektiboak izateak merezi izan duen iseka latza. Galtzen ari da pobreak aberatsari adierazi behar zion mendekotasun apala edo fededunak apaizari eskaini behar zion mendekokeria. Ez dugu jadanik onartzen emakume batek etxean jasaten dituen tratu txarrak kontu pribatua direnik edo umeak eskolan jasan dezakeen jazarpena normala denik.
Dudarik gabe, balioak galtzen ari direla esaten duenak ez ditu gogoan aurreko adibideak. Seguru aski sasoi ez hain urrun hartan gertatzen zena baino argiago du esaten zena, hitzez aldarrikatzen zena. Diskurtsoa, ez ekintzak.
Edo, besterik gabe, ustezko balioen galeraz kexatzen dena arazoen alde babestuan gertatu zen, ez alde kaltetuan. Eta bazter ilunak ez ikusteko abilezia garatu du, gaur egun hainbestek azaltzen duen abilezia bera.
Galdua eta ondo galdua dago errespetuaren izenaren azpian gordetzen zen bazterkeria eta mendekotasuna. Galdua eta ondo galdua tradizioaren izenean gauzatutako zapalkuntzak.