TOLOSALDEA DV. Manuel La-rramendi Kultur Bazkunak antolatzen duen 'Euskal He-rrian Barrena' egitarauaren barruan, martxan jarri dute bidaia edo txango monografikoak egiteko aukera, egun bateko txangoak, alegia. Bigarren irteera datorren maiatzaren 10an izango da, larunbatarekin, eta parte hartzen dutenek Goi eta Behe Nafarroako txoko eder eta erakargarriak ezagutzeko aukera izango dute. Txango honi 'Agoteen Lurretan' eman diote an-tolatzaileek izena, eta horren bitartez, Baztan eta Aldudeetako inguruak, Santxotena eskultorearen museoa eta beste hainbat leku ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.
Izena ematen dutenek txangoari goizeko bederatziak aldera emango diote hasiera eta iluntzeko zortzietarako etxean izango dira berriro. Iosu Zumeta egitarauaren arduradunak adierazi digunez, txango monografiko hauetan 10 eta 80 urte bitarteko euskaldunek har dezakete parte. Eguerdiko bazkariari dagokionez bi aukera daude: norberak bere bazkaria eramatea eta bere kontura bazkaltzea, edo antolatzaileek hautaturiko ostaturen batean egitea otordua. Lehenengo aukera egiten dutenek 20 euro inguru ordainduko dute bidaiagatik eta bisitak egiteagatik, eta bigarren aukerakoek 30 euro inguru.
Informazio gehiago jaso nahi izanez gero 943-696-450 zenbakira deitu daiteke (Iosu) edo txangoak@topagunea.com idatzi. Izen-emate epea txango bakoitza burutu beharreko data baino astebete lehenagora arte luzatuko da. Larramendi Bazkunak eskuorriak eman ditu argitara, aurten antolatu asmo duen eskaintza guztiaren berri emanez. Eskuorriak, Larramendi Bazkunean bertan, kultur etxeetan eta ohiko informazio-guneetan jaso daitezke.