Gaur jardun behar dut Pello Salaburuk apirilaren 26an, egunkari honetan bertan, idatzi zuen artikuluaz. Honela zioen izenburuak: ¿Deben estudiar todos los niños en euskera? Oso tentuz eta zentzu kritiko handiarekin irakurri beharrekoa da. Pello Salaburu ez da edozein. Horrek oraindik ere delikatuago bihurtzen du gaia. Eta ondo egin al du horretaz mintzatzea? Mesede ala kalte egingo dio euskarari? Uste dut egin beharreko galderak direla. Salaburuk salatzen du Euskal Jaurlaritzak atera nahi duen legea. Bere argudioa da legeen gainetik dagoela hiztunen borondatea, eta horrek salbatuko duela, ez legeek. Ez dakit hori egia osoa ote den. Uste dut legeak ere beharrezkoak direla. Nafarroan eta Iparralden baino hobeto dago euskara EAEn, eta deritzot legeak izan duela zerikusia.
Kondenatzen du frankismoak euskararen kontra egin zuena, baina konpara al daitezke metodo hura eta gaurko eskolak darabilena? Ez. Ez garaiagatik eta ez sistemagatik. Metodo integratzailea deituko nioke gaurkoari, eta hari diktadura purua. Ez dakizue zenbat gazte eskertsu ezagutzen dudan, adibidez, Lasarte-Orian, euren guraso immigranteek ikastolara bidali zituztelako. Esfortzuarekin bai, baina traumarik gabe ikasi dute euskaraz. Era berean, jende asko ezagutzen dut ederki kostata ari dena euskaltegian, lan egiteko behar duten titulua lortu nahian. Nik garbi daukat: egunen batean euskara ikastekotan, hobe ume-umetatik D ereduan hasi. Ados nago; nahi duenak erderaz ikas dezala, baina gero ez dadila kexa, dagokion profila eskatzen bazaio lanpostu publiko baterako.