EIBAR. DV. Gorosta, Mandiola eta inguruko auzoetan jai gi-roa nagusituko da bihar Santa Kurutz eguna ospatzeko. Urtero bezala, izen bereko ermita jaiaren eszenatokia bihurtuko da hainbat ekitaldi aurkezteko. Goizeko 10:30ean kanpaiak eta suziriak jai eguna iritsi dela iragarriko dute.
Santa Kurutz eguneko lehenengo ekitaldia meza izango da, 11:00etan, Gorosta eta Mandiolako auzoetan hildakoen alde. Ondoren, hamaiketako ederra egongo da ingurura hurbiltzen direnentzat. Eguerdian herri kirolak hasiko dira, aurten Lagun Artea kirol elkartearen eskutik izango direlarik. Bitartean musika egongo da baita, Lutzurdixo eta Aitziber trikitilariekin. Narbaiza eta Mañukorta bertsolariak ere Santa Kurutzera hurbilduko dira beraien koplak botatzeko prest.
Umeek ere edukiko dute euren tartea biharko jai egunean. 13:30ean haurrentzako jolasak egongo dira ermitaren parean. Jolas hauekin eguerdiko programa bukatuko da eta jaia Ixua jatetxera joango da jendea, han bazkaria ospatuko baita. Bertan egongo dira Emilio Azurmendi eta Felisa Agirrebeña, omenduak ere. Bazkarira joateko txartelak Ixuan bertan edo Sagar-Bitsa tabernan erosi daitezke. Postreak eta gero erromeria hasiko da Lutzurdixo eta Aitziber trikitilarien eskutik.
Etzi soka-dantza
Aurten jai egitarau laburra suertatu da, bihar hasi eta etzi bukatzen baita. Igandean me-za 11:00etan izango da. Gero hamaiketakoa eta eguerdialdean omenaldia egingo zaie Emilio eta Felisari. Aurreskua eskainiko diete Kezka taldeko dantzariek Usartza txistulari bandak lagunduta. Jarraian soka-dantza aurkeztuko dute Santa Kurutzen. Arratsaldeko 13:00ean, haurrak Gorritiren abereekin jolasteko aukera dute, jaiei agurra eman baino lehen 14:00etan.