ANTZUOLA. DV. Patxiko Txerren Txiki ipuingintza ekitaldian 97 neska-mutikok hartu dute parte aurten. Haien lanekin osatu den liburuxka ere kaleratu da, hamaika ipuinekin. Lehen mailako bi ikaslerenak, bigarreneko laurenak, hirugarren, laugarren eta bosgarrenekoen bana eta seigarrenekoen bi daude hirurogeita zortzi orrialde dituen argitalpenean.
Herriko eskolako umeek hartu dute parte. Lehen mailatik seigarrenerako neska-mutikoek idazketa lana egin dute, gogor saiatuz gainera. Parte-hartzaile kopuruari dagokionez, azken urteetakoen oso antzekoa da aurtengoa. Iaz, esaterako, 97 lagun izan ziren baita. Urtea joan, urtea etorri, ikasle guztiek hartzen dute parte. Eskolaren laguntza ezinbestekoa da ipuingintza ekitaldi hau aurrera eramateko.
Lan aukeraketan jardundakoek azpimarratu dutenez, «lehen mailakoek, adibidez, meritu handia dute. Idazten hasi berriak dira guztiak eta sekulako ahalegina da eurentzat ipuina osatzea».
Bestalde, deigarria da nola bigarren mailako ikasleen lau ipuin sartu dituzten liburuan. Bada horretarako arrazoia: «Ipuin politak zeuden adin horretakoek aurkeztutakoen artean eta nekeza zen bakarra aukeratzea. Horregatik hartu genituen lau».
Testuez gain marrazkiak ere badituzte hamaika ipuinok. Hamaikagarren edizioa bete du aurten Patxiko Txerren Txiki ipuingintzak.
Futbola, gaur Estalan
Antzuola Kirol Elkarteko futbol talde nagusiak Mutrikuren aurkako partida jokatuko du gaur arratsaldeko bostetan Estalan. Datozen egunetan jai hartu ahal izateko aurreratu dute neurketa, jaieguna dela aprobetxatuz.
Zapatuan Bergarari Agorrosinen irabazi ondoren, emaitza bikain horri jarraipena eman nahi diote gaurkoan antzuolarrek. Bi jardunaldi baino ez zaizkie geratzen liga bukatzeko eta egungo seigarren postua hobetzea dute lehen helburua. Puntu bakarrera dago bosgarrena eta bira, berriz, laugarrena eta hirugarrena.