HONDARRIBIA. DV. Hondarribiko Udaleko Nekazaritza eta Nekazal Garapenerako departamentuak xenda-bideen liburuxka berri bat argitaratu du. Guztira bederatzi xenda dira, erabiltzaile maila eta inguru ezberdinen arabera aukeratuak. Horrela, naturarekiko errespetua mantentzeko eta herriko nekazaritza eta mendi inguruneak hobeto ezagutarazteko asmoa dauka Udalak.
Gregorio Berrotaran, Landa Garapenerako zinegotziak azaltzen duenez, «Faroa, Guadalupe eta Justiz aldeko bideak dira gehienak». Zentzu honetan, berrikuntza nagusia, Alarguntzara joan-etorria egiten duen bidea da. Kasu honetan bereziki, baliagarria suerta daiteken informazioa eskaintzen du triptiko honek. Zinegotziaren arabera, «joana-etorria egiterakoan aukeratu beharreko pistak zuhaitzak dauzkan ala ez jakitea ondo dago, udan eguzkiak gogor jotzen duenean batez ere».
Informazio zehatza
Hortaz, liburuxka honekin batera, ibilbideetan topa daitezken senda-belar, zuhaitza eta basafloraren gida bana gehitzen da. Aurreko argitalpenean liburuxka hauek suelto etortzen ziren. Eta Berrotaranek argitu duenez, «errazagoa da erabiltzeko dena elkar baldin badago, beraz horrela egin dugu argitalpen berri honekin».
Hiru hizkuntzatan
Baina argitalpen honen berritasun nagusia, eskualdeko edonork ulertze aldera pentsatua dagoela da. Hiru hizkuntzatan egina baitago. «Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez egin dugu, Frantziatik jende asko etortzen baita Jaizkibel mendira», adierazi du zinegotziak. Berrotaranen esanetan, «izatez, gehiengoa frantsesa da».
Gauzak honela, liburuxkaren helburu informatiboarekin batera, xenda ibilbide hauen seinalizazio egoki bat bermatuko dute. Bederatzi ibilbideak, hasieran eta bukaeran, panel informatiboekin behar moduan seinalizatuak daude. Hortaz gain, ibilbide gehienen abiapuntu denez, panel informatibo orokor bat jarriko da Guadalupe inguruan.