ITSASONDO. DV. Igandean Goierriko IV. Eskola txikien eguna ospatu zen Itsasondon. 'Eskola txikiak, herri txikiak bizirik' lelopean, bertako nahiz Olaberria, Gabiria eta Zeraingo eskolako haur eta gurasoek egun paregabea igaro zuten, aurreko urteetan festak izan duen harrera beroari jarraipena emanez. Goierriko eskola txikien aldeko egun hau errebindikazio puntu batekin ere ospatu izan ohi da, herri hauetako eskolek aurrera jarraitzeko arazo ugari izaten baitituzte; elkarlanean lan eginez ordea, bidea xamurragoa izaten da, eta horixe izan zen lehenengo edizioa antolatzeko erabili zuten aldarria. Nahiz eta Gipuzkoa mailan festa hau egiten den, Goierri mailan ere egin beharrekotzat iritzi zen, inguruko herriko haur eta gazteak elkar ezagutu zezaten, eta herrien artean ere beste era bateko lotura bat lortzeko. Eta igandean bertan garbi geratu zen hori.
11:00etan hasi zen egun luze honetako egitaraua, gainontzeko herrietatik etorritakoei eskolan ongietorria egin zitzaienean. Ondoren, denak batera jaitsi ziren herrira antolatuta zeuzkaten ekintzetan parte hartzeko: jinkana bat, soka saltoa, bikoteen jokoa, zaku karrera Baina izan zen gehiagorako beta ere.
Itsasondoko pizartegien inguruko historia gerturatu zien Jon Mikel Aranok bertaratu zirenei. Gipuzkoako Erlezain Elkartearen kanpoan, berriz, erlegintzaren inguruko erakusketa bat zen. Bertan eztia egiteko prozesu guztia azaldu zieten haur eta helduei.
Goizeko ekintzekin amaitzeko, herrian zehar barreiatuta zebiltzan 250 pertsonek denek batera argazkia atera zuten frontoian, leku berean bazkaldu aurretik. Bazkalostean, Patxin eta Potxin pailazoek haurren artean umorea zabaldu zuten. Bien bitartean Dizebik bezperan hasi zuen grafitia amaitu zuen, haurrei azalpenak ematen zizkien bitartean. 'Zer ikusi, hura ikasi' leloa zeraman, egunarekin bat egiten zuen murala ezbairik gabe.
Egunarekin amaitzeko, Olaberriako eskolakei lekukoa eman zien itsasondoarrek. Ondoren, plazatik globo sorta bat bota zuten airera; hauen barnean hizkuntza ezberdinetan mezu bat. Globoren bat topatzen duenak Itsasondoko eskolara joan beharko du, eta horren truk oparitxo bat jasoko du.
Eskola txikien garrantzia
Herri batek bizirik badu, hori haurren bitartez lortuko du ezbairik gabe. Eta haurrak herrian mantentzeko bide bakarra eskolen bidez da. Horregatik, herri txiki hauek eskolen aldeko apustua egiten jarraituko dute; gainontzeko ikastetxeengandik ere ezberdinak dira gainera. Adin ezberdinetako haurrek (2 urtetik hasi eta 12 urtera arte) elkarrekin egiten dituzte ikasketak, eta txikienek nagusiengandik ikasten duten heinean, nagusienek gazteenengandik ere ikasten dute.
Baina herri hauetara etorri diren biztanle berriek askotan ez dakite herrian bertan eskola bat daukatenik, eta euren seme-alabak inguruko ikastetxeetara bidaltzen dituzte. Herriaren aurrean ezagutzera emateko ere balio izan zuen igandeko egunak.