USURBIL. DV. Herriko pilotariek ez zuten ondo hasi Gipuzkoako Herriarteko txapelketa pasa den ostiralean. Lasarte Oriako pilotariak izan zituzten aurrez aurre herriko pilotalekuan eta ezusteko handiren pasa ezean, txapelketatik kanpo gelditu daitezke datorren larunbat goizean.
Izan ere, 2 eta 1 galtzeaz gain, aldeko tanto kopuru dexentea lortu zuten lasartearrek pasa den ostiralean. Ondo hasi zuten kanporaketa usurbildarrek. Xabi Santxo eta Markel Galarragak ez zuten Lasarte-Oriako bikotea gainditzeko arazo handirik izan, 22 eta 7 nagusitu baitziren. Norgehigokaren hasieratik nagusi izan ziren herriko pilotariak eta aurrez pentsatu bezala erraz irabazi zuten.
Bazirudien jubenil mailako neurketan egon zitekeela kanporaketa honetako gakoa eta neurketa parekatua espero zen, baina herriko bi pilotariek ez zuten benetan duten maila eman. Imanol eta Eñaut Esnaolak 22 eta 11 galdu zuten. Partidaren hasieran aurretik izan baziren ere, ondoren lasartearrek egin zuten aurrera markagailuan. Hala ere, 8 eta 8 berdintzea lortu zuen herriko bikoteak eta neurketa parekatua izango zela zirudien, baina hortik aurrera lasartearrek erabateko nagusitasuna erakiutsi zuten. Honela, azkenean 11 tanto besterik ez zituen egin herriko bikoteak.
Ostiraleko jaialdiko azken neurketan Enrike Huizi eta Iker Zinkunegik ezustekoren bat emango zuelakoan egongo zen herriko zaletu bat baino gehiago, baina ezinezkoa izan zen. Izan ere, Aranburu eta herriko pilota elkartearekin jokatzen duen Mikel Landak nagusitasun osoa erakutsi zuten herriko pilotalekuan eta 22 eta 8 irabazi zuten. Neurketaren hasieran norgehiagoka orekatua izan zitekeela zirudien, baina islada bat besterik ez zen izan. Lasartearrak gehiago ziren eta herriko pilotariek ahalegin guztiak egin bazituzten ere azkenean 8 tanto besterik ez zituzten egin neurketa amaieran. Honenbestez, lasartearrak 2 eta 1 aurretik jarri dira lehen kanporaketa honetan eta horrez gain, 10 tantoko aldea dute (41-51). Itzulerako partidak datorren larunbatean jokatuko dira Michelingo pilotalekuan eta herriko pilotariek bi partida irabazi eta 10 tantoko aldea baino gehiago atera beharko dute Herriarteko txapelketa honetan aurrera egin nahi badute behintzat. Kanporaketa aurretik uste zen bezala jubenil mailan dago gakoa eta herriko pilotariek ezustekoaren bat eman beharko dute larunbatean kanporaketari buelta eman ahal izateko.