ANTZUOLA. DV. Antzuola Kirol Elkarteko futbol talde nagusiak 0 eta 1 irabazi zion Bergarari, zapatu arratsaldean Agorrosinen jokatutako derbian. Hiru puntu hauek kentzeak kalte handia egin dio Bergarari igoerari begira. Bestalde, Antzuola da bergararrei ligako partida biak irabazi dizkien talde bakarra. Estalako hiru puntuak ere etxean geratu ziren.
Mikel Idiakezek bigarren zatiko 32. minutuan sartutako golak erabaki zuen neurketa. Atera bidean jarri zuen baloia antzuolar ezkertiak. Bergarar jokalari bati jo eta desbideratu egin zen. Epaileak, dena den, Idiakezi eman zion gola.
«Oso partida serioa jokatu genuen», dio Andoni Azkargorta entrenatzaileak. «Zelai gainean ondo jarrita egon ginen. Lehen zatia gurea izan zen. Bigarrenean orekatu egin zen jokoa, baina ez guk behera egin genuelako, ezta gutxiagorik ere. Hasiera-hasieratik ahalik eta gehien eusteko asmoarekin irten ginen. Bagenekien hori eginez gero izango genituela aukerak».
Hiru puntu hauei esker, An-tzuolak seigarren postua ziurtatu du. Liga bukatzeko bi jardunaldi geratzen dira, bigarren postua bost puntura dauka eta hirugarrena, bira. Oraindik ere zertxobait aurrera egitea da euren helburua.
«Bigarren amaitzea nekeza da», aitortu du Andoni Azkargortak. «Baina postua hobetzeari ez diogu uko egin. Aurretik ditugun talde batzuk, gainera, elkarren aurka jokatu behar dute. Gu puntuak batzen saiatuko gara hurrengo bi norgehiagoketan».
Eguenean, maiatzaren 1ean, jokatuko du Antzuolak hurrengo neurketa. Asteburuan jai hartzeko aurreratu dute. Mutrikuren bisita hartuko du Estalan arra-tsaldeko bost eta erdietan. Azkena. berriz, Martutenen izango du maiatzaren 10ean edo 11n.