Gure euskara honek sortzen du berriketa franko. Euskal Gobernuak legez ezarri nahi du euskara hizkun-tza nagusi eskoletan, egungo hezkuntza-ereduak aldatuz. Aldeko ahotsak apal eta kontrakoak ozen atera dira hedabideetan. (Pello Salabururena, kasu, hementxe aurreko zapatuan, «legea baino, borondatea dugula beharrago» esanez, ez arrazoi faltaz). Baina, dena dela, ez noa ni horretara…
Eskola eta eskola eta eskola! Ez da beste konturik: dena daramate eskolara. Badirudi eskola dugula urre gorri guztien harrobi, ur zikin guztien iturri, konponbide guztien gudu-zelai. Ezetz, bada; dedio! Nik baino adituagoek esana da eskolak haurraren osotasunean duen eragina ez omen dela izaten ehuneko bosta baino askoz gehiago. Beraz, bada. Zentza gaitezen, dena eskolari eskatu gabe. Euskara ez du eskolak salbatu, eta ez du salbatuko ere. Ahor. Gainera, borondatea eta motibazioa alde batera utzita, bi hanken gainean ohi dabil hizkuntza oro: ezagutza eta erabilera. Eskolak ezagutza eman dezake, eta ematen du; baina ai erabilera… Antonio Bolasena. «Zeraingo mutil batek autoan hartu zuen iluntze batean Antonio. Eta galdetu zion: Nora zoaz? Iluna da laster. Eta: Hor goiko baserrira noa. Bertako nagusiari ezkerreko zapata egin nion lehengo batean, eta ondo daukala abisatu dit. Orain eskuinekoa egiteko neurriak hartzera noa».
Erabilera dugu eskuineko zapata: horri behar zaizkio neurriak hartu, horri koanto! Utzi hori ere eskolarako, utzi. Ehuneko bostarekin egingo dugu bost! Kakatan plost. Ehuneko laurogeita hamabosta etxean, auzoan, kalean dago: hor behar zaizkio neurriak hartu zapatari. Eskolan gero egingo diogu kibiztoa, polit askoa.