Saltar Menú de navegación
Hemeroteca |
RSS | ed. impresa | Regístrate | 7 octubre 2008

Cultura

asteleheneko hitzordua | ibai iztueta, 'oro bare' poema liburuaren egilea
«Gauza hunkigarriak idazkera ahalik eta soilena erabilita seinalatzen saiatu naiz»
«Pertsonaia gris, mediokre eta normala» mintza daiteke lirikaz, epikaz eta tragediaz. Horri dagokion ahotsa aurkitu nahi izan du Ibai Iztuetak
28.04.08 -

Cerrar Envía la noticia

Rellena los siguientes campos para enviar esta información a otras personas.

Nombre Email remitente
Para Email destinatario
Borrar    Enviar

Cerrar Rectificar la noticia

Rellene todos los campos con sus datos.

Nombre* Email*
* campo obligatorioBorrar    Enviar
«Garbi daukat ez naizela idazlea, ez naizela izango eta ez daukadala izateko gogorik», dio Ibai Iztueta (1977) Zegaman jaiotako donostiarrak. Biologoa da eta, une honetan, matematika irakasle. Idazle ere bai ordea, eta poeta, Utriusque Vasconiae argitaletxeak kaleratu berri duen Oro bare poema liburua idatzi baitu.
– Poesia liburu bat argitaratzea saio ausarta dela esan zuen editoreak zurearen aurkezpenean. Nondik abiatuta ausartu zara zu?
– Irakurzaletasuna eta literaturarekiko interesa beti izan ditut, eta
interes hori daukazunean idazteko gogoa ere ez da urruti izaten, nahiz eta ez dudan sekula idazteko joerarik izan eta, egia esan, bastante kostatu idaztea. Ideia batzuk banituen, eta ideia horiek paperean jartzen ez badituzu usteltzeko arriskua dute. Epe luzera horrek frustrazioa ekarriko ote zidan-edo kezka horrek ere bultza egin zidan. Animoa ere bazegoen, umore oneko nengoen, beraz...
– Beraz, ideia horiek partekatzea erabaki zenuen, «kanpora begira interesa izan zezaketelakoan».
– Idazten bezala beste edozein lanetan, momenturik onena bidea da eta, nire partetik, idazte-prozesuan lortutako gozamena nahikoa da idazten hasteko eta segitzeko. Proiektua bukatu eta horrekin zer egin ote litekeen pentsatzerakoan, nork bere lana modu batera edo bestera baloratuko du, beldur handiagoa edo txikiagoa izango dio frustrazioari, eta balorazio eta beldur horien arteko orekaren arabera hartu behar da lana partekatzeko erabakia. Dena ez dago, noski, norberaren esku, baina kasu honetan editoreari, Ur Apalategiri, argitaratzeko modukoa iruditu zitzaion lana. Ikusten duzunean norbaitek zeuk idatzitako testutik ondorioztatu dituela idazteko orduan zenituen ideiak, pentsatzen duzu lortu duzula gogoan zeneukana paperean jartzea, eta hori partekatu nahi duzu, zeure ideiak beste inorekin partekatzen ez badituzu zoro bihurtzeko arriskua baitago.
– Zein ideia partekatu nahi zenituen, bada?
– Lehenik eta behin, proiektu bat osatzeko gogoa neukan, eta batek gogoa zergatik daukan esplikatzea ez da erraza. Poesiari buruzko gogoeta pertsonal bat ere bazegoen. Testu batek bi elementu oso inportante ditu, adierazten dena eta nola adierazten den. Poesian askotan gerta liteke ideia nahiko arrunt eta estereotipatu bat azeleratzea edo altxatzea edo eder eta hunkigarri bihurtzea erabiltzen duzun hizkuntza klaseagatik. Beste muturrean egongo litzateke ideia hunkigarri edo deigarri bat aurkitzea eta bere horretan aurkeztea. Bi mutur horietan bi hizkuntza klase ditugu. Niri ondo egindako gauza asko gustatzen zaizkit, bai estilo batekoak, bai bestekoak, bai tartekoak, baina iruditu zitzaidan gehiago gustatzen zitzaidala gauza hunkigarriak seinalatzea hizkuntza ahalik eta soilena erabiliz. Hortik dator Oro bare, atentzioa deitzen ez duen hizkera batekin zenbait jenderen sentsibilitatea ukitu dezaketen gauzak aipatzen saiatzetik.
– Bide horretan, asko kostatu zaizu idazkerari eustea?
– Nolabaiteko kontentzioa badago, egia da. Egon da hizkuntza puzteko eta irudi gehiago sartzeko eta beste hizkuntza klase bat erabiltzeko tentazioa, baina bi arrazoi nagusigatik ez dut egin eta idatzi dut idatzi dudan bezala. Batetik, hori zen egin nahi nuena, horretara bideratu nahi nuen proiektua, hori tokatzen zitzaidan. Bestetik, hizkuntza beste modu horretan hainbat euskal autorek erabili dute. Lan hori eginda dago, eta nik sekula egin ahal izango nukeena baino hobeto.
– Idazkera jakin horren aldeko apustuak proiektuaren mamiarekin ere badu zerikusirik; libururako asmatutako pertsonaiaren ahotsarekin; zeure burua idazletzat ez hartzearekin...
– Bastante garbi daukak ez naizela idazlea, ez naizela izango eta ez daukadala izateko gogorik. Literaturzalea banaiz, eta sentsazioa dut idazle asko idazten hasten direla idazle izan nahi dutelako; idazle askoren historia idazle izan nahiaren historia dela, eta idazle izan nahi dutelako bihurtu direla idazle on. Nirekiko pentsatzen nuen haatik bazegoela beste figura bat: apartekoa ez den pertsonajea, mediokrea, grisa, normala... Iruditzen zitzaidan pertsona normal batek baduela zerbait esateko, eta ikusi nahi nuen zein ahots erabiliko zukeen, nolako testuak suposatzen zaizkion... Egin daiteke alegia literatura inor ez den pertsona gris eta erdi normal batengandik abiatuta. Liburuko poema guztiak ez dira hori, baina hortik doaz.
– Epilogoan ezintasun aitorpen halako bat egiten duzu. Zure proiektu hori gauzatu ezinari dagokio, edo beste zerbaiti?
– Beste zerbaiti buruzkoa da... Idazten ari zarenean emozio handia sentitzen duzu. Emozio edo argi hori sentitzen duzunean, sentsazioa daukazu idazten ari zaren bitartean gauza asko ari direla galtzen, ez dakizula nola adierazi. Epilogoa horri buruzkoa da, esango banu bezala «hau da dagoena, baina jakin ezazu azpitik beste gauza batzuk ere badaudela».
– Besteen lanak irakurtzean ere baduzu sentsazio hori? Irakurle bezala, zer ematen dizu poesiak?
– Poesia boladaka irakurri izan dut. Orain, esaterako, bolada luzea daramat horretarako gogorik gabe, aldarte jakin bat behar baitut. Poesiak ematen didanari dagokionez, batetik gozamen estetikoa ematen dit, poesian badagoelako bilaketa formal bat, badaudelako lorpen batzuk. Forma aldetik niri ondo eginda daudela iruditzen zaizkidan lanek miresmena sortzen didate. Beste alde batetik, edozein idazlanek lekukotza bat uzten du, modu zuzenean edo zeharkakoan. Poesia lekukotza hori era nahiko zuzenean uzteko modu bat da, batez ere ‘material bigunen’ lekukotza, eta niri iristen zaiz, gustatzen zait. Norbera ulertzen, ingurukoak ulertzen eta jende guztiarekin konformeago egoten laguntzen dizu, gainera, beste norbaitengan –gaurkoa izan edo duela mila urtekoa–partekatzeko moduko ideia eta sentimenduak aurkitzeak.
– Poema liburuen salmentan ikusita, gutxi batzuek baino ez duzue horrekin gozatzen.
– Populazioaren parte jakin bati atsegin zaio poesia, ezaugarri berezi batzuk dituenari. Beste askori bost axola zaio, eta oso zoriontsu bizi da hori gabe. Irakurleari arrotz edo estrainio zaizkion gauzak modu kiribilduan eskaintzen bazaizkio, batzuek estimatuko dute eta beste batzuentzat ulertezina izango da, normala da. Literatura esaten zaion honetan zailtasun proportziorik altuena poesiak du, baina beti egongo da literatur zaletasuna duen jendea, eta horietako batzuei beti emango dizkie poesiak gozamen momentuak.
– Askok liburuaz gaindiko formulak erabiltzen dizute publikoarengana iristeko. Ikusten dituzu zure poemak gero eta ugariagoak diren ikusizun horietakoren batean?
– Testu on bat eta interprete on bat izanez gero, ikusgarria eta ederra izan daiteke poemak beste era batera ematea. Nik neuk, dena den, neuk idatzitakoa soilik imajinatzen dut gelako isiltasunean edo nonbaiteko lasaitasunean irakurtzeko, neronek ere horrela irakurtzen dudalako.
– Jarraitzeko asmoz edo liburu bakarreko egile izatearekin konforme?
– Ez dut uste asmo kontua denik bakarrik... Honekin gauzatxoren batzuk deskargatu ditut, eta orain idazteko gogoa baino gogo handiagoa dut irakurtzekoa, nahiz eta jakin ezin izango dudala nahi beste irakurri. Obra bakarreko idazle izateak ere ez nau kezkatzen. Ikusiko dugu besterik idatziko dudan, edo argitaratuko dudan. Hori faktore askorekin dago lotuta, ez da soilik asmo edo gogo kontua.
Opina

* campos obligatorios
Listado de comentarios

Comparte esta noticia

¿Qué es esto?

Vocento
SarenetRSS