OIARTZUN. DV. Hirugarren hiruhilekoan bete-betean aurkitzen dira Ikastolan, eta Euskaraz-bizi proiektuak ere hirugarren kanpainari heldu diote Haurtzarokoek. Azkeneko urteetako legez, oraingoak irakurketako zaletasuna bizteko helburua du. Horretarako liburuetara hurbildu egin behar lehenik, eta ondoren, ipuin eta olerki artean gozatzen irakatsi haur eta gaztetxoei. Gaurko gizartean, gaztetxoen artean, liburuak lagun gutxi dituen arren, horixe omen da ikastolako hezita proiektuaren zutabe nagusienetariko bat. Horretarako, aurten gaia beste ikuspuntutik lantzen saiatu dira, hitzarekin batera izaten den irudiari ere garrantzia ematen. Hori horrela, liburuetako ilustrazioek eta ilustratzaileek leku berezia izan dute ikastolan aurtengo liburuaren omenez antoilatutako astean. Asteazkenean, hilak 23, Nazioarteko Liburuaren Eguna ospatzen zela eta, aurreko eta ondorengo egunetan hainbat ekintza antolatu dituzte Haurtzarokoek.
Haur Hezkuntzan ikasleek irudiari hitza jarriz ipuinen sormenean jardun dute. Ostiralean Iñaki Martiarena 'Mattin' ilustra- tzailearen bisita jaso zuten, eta saioan Mattinek ipuin berri horiei irudia jarri zien. Haurrek, marrazkilaria bertatik bertara lanean ikusteko aukera izan zuten. Gehinentzat maila honetako lehenengo esperientzia izan zen, eta batzuk txundituta gelditu omen ziren ilustratzalearen arkatz magikoarekin. Lehen Hezkuntzan literatur testuak konpartitzeko saioak izan dituzte. Gainera, Jull kanpainaren urteko proiektuaren amaiera bizitu zuten.
DBHn ere hainbat ekintza antolatu dituzte. Dagoeneko 1. mailakoek, Andoni Egaña bertsolariarekin gozatzeko saioa izan zuten orain dela egun batzu. 4. mailakoek, Fernando Murillo idazlearekin literaturaz solasaldia, e.a. Horrelako ekintzak, merezi duten txoko goxo batean egin dira, jantokiaren goiko areto nagusi berrian. Ziur gaude kanpaina honetan guztiok irakurketarekin disfrutatzeko momentuak izan dituztela ikastolan. Orain zailena gelditzen zaie, urtean zehar zaletasun horri eustea.