Asko harritu egin dira Euskaltelen azken iragarki xelebrearekin. Badakizue, frikiak, zoldatsuak, edo dena direlakoak agertzen diren horixe. Gehienen harridura friki eta zoldatsu horiek espainiarrak izateagatik etorri da, eta ez hainbeste friki edo zoldatsu hutsak izateagatik. Alegia, euskal jendea sinetsita zegoen Euskaltel labeldun enpresa peto-petoa zela. Gurea, alegia. Euskalduna. Eta euskaldunak jende serio, jator eta langileak izaki, ez gara halako txorakerietan denbora galdu zaleak. Frikikerietan, esan nahi baita. Euskaltelek, dena dela, lortu du bere helburua: denon ahotan (?) dabil orain iragarkia. Eta zer diren iragarkiak. Garai batean, Patxiren hura ere egin zuten Euskaltelekoek, eta, handik gutxira, hemengo alderdi politiko batek Patxi izeneko bat izendatu zuen lehendakaritzarako hautagai, iragarkiaren xarma aprobetxatu nahiz. Orain, iragarkia aspaldi modaz pasea dagoela, ez xarmarik ez ezer.
Baina gatozen harira. Euskaltelen kontua ez da berria. Aspalditik ari zaizkigu «euskal» hitzaren pean gauza zoragarriak saltzen. Euskal okela, euskal pardela, euskal gurpila, euskolabel, Euskal Y, eusko txiki txiki. «Euskal» hitza marka baten pare bihurtu da gurean, Adidas, Danone edo Rianxeira atuna bezalaxe Eta, normalean, marka hauen atzean diru etekin potoloak lortu nahi dituen enpresa bat dago. Izan ere, hortxe dago koska: sentimenduak baliatzea negozio iturri ezin hobeagoa da. Alde horretatik, euskal hitza ez da salbuespen. Euskal eroslea, subkontziente kontuak lagun, errazago fidatuko da «euskal» logoa daraman produktu batekin beste edozeinekin baino. Labur esanda, euskal kaka hobea da kaka hutsa baino.