
Hasier Etxeberria kazetari eta idazlea, bere nobelako lehen kapitulua irakurtzen. [F. DE LA HERA]
Liburuaren Nazioarteko Eguna zela eta, Ikust-Alaia liburutegiak irakurketa irekia antolatu zuen atzo eta bertara hurbildu zen Etxeberria bere nobelako lehen kapitulua irakurtzera. Hamabost urteko neskatoei zuzendutako eleberria izan arren, Hasier Etxe- berriak dioenez Inesaren balada «anitz gustura irakurri dute mutikoek nahiz helduek».
- Arraroa egin zaizu zure liburua jende aurrean irakurtzea?
- Bai, bai. Lehenbiziko aldiz, jende aurrean niretzat zaharra den testu bat irakurri dut. Arraroa egin zait bai. Baina poza eman zidan aldi berean liburu hau hemen irakurri behar zela esan zidatenean. Oso aproposa iruditu zitzaidan Irunen irakurtzea, inguru honetan kokatzen delako istorioa. Elizondotik Donibane Lohizune bitarteko geografian dago kokatuta Inesaren balada. Bidasoak ardatz lana egiten du istorioan eta horregatik, oso pozik irakurri dut lehen kapitulua hemen.
- Liburuaren eguneko programa aurkeztu zutenean eleberria bailaran kokatzen zela adierazi zuten. Horregatik eta atsegina delako aukeratu dute zure nobela irakurketa irekian irakurtzeko.
- Ez nekien hori esan zutenik. Baina bai, nobela hau idatzi nuenean, hamalau edo hamabost urteko neskatxa bat nuen buruan. Harentzat idatzi nuen Inesaren balada. Liburua Espainiako Premio Nazionaleko finalista izatera iritsi zen eta hiru hizkuntzatan argitaratu dute. Mutikoek eta helduek irakurri dute eleberria baita ere. Nobela idazterakoan, lagun batek aholkuak eman zizkidan eta gazteei zuzendutako nobela batetan denbora guztian akzioa eta abiadura egon behar dela esan zidan. Uste dut alde batetik, gertakizunak jarri ditudala eta bestetik, hizkuntzarekin saiatu naizela tren bat islatzen.
- Eleberriko hitzaurrean, Abbadiako gaztelura bizitzera joan zinela adierazten duzu. Bertan sortu zen, Inesari buruz hitz egiteko aukera.
- Ez, gertatzen dena zera da: garaitxo hartan, nik Euskaldunon Egunkarian kronika bat egiten nuen egunero. Abbadia gaztelutik zuen izena eta han bizi banitz bezala kontatzen nituen istorioak. Idazle bezala, nire marka maila berean fikzioa eta errealitatea ipintzea da, ez jakitea zer den errealitate eta zer fikzio.
- Orduan, errealitaterik bada zure nobelan edo asmatutakoa da guztia?
- Bai noski. Datu autobiografiko asko ditu. Gainera urte haietan, Hendaiara iritsi nintzenean, Pelloten etxea izandakoan ibiltzen nin-tzen eta irundar batek esan zidan behin Pellot bere amonaren etxerea joaten zela eta koilaratxoak lapurtzen zizkiola. Jokoa da interesatzen zaidana, zuk ez jakitea errealitatea edo fikzioa den. Idazleari zailtasunak ematen dizkio honek ordea, errealitatea fikzio bezala tratatu behar duzulako eta fikzioa errealitate gisa.
- Zergatik kokatu zenuen istorioa hemen?
- Ni neu non bizi nintzen enteratzeko. Hendaiara bizitzera etorri nintzenean, nire inguruari buruzko informazioa jaso nahi nuen. Hondarribian bizi izan nin-tzenean ere nire ingurua ezagu-tzen saiatu nintzen.
- 1789an jaio zen Inesa. Espiritu iraultzailea hobeto azaltzeko agian?
- Nobelan gerrak azaltzen dira eta horregatik aukeratu nuen urte hori. Mundua aldatzen ari zen garai hartan, gerrak zeuden etatrena ere gerotxoago etorri zen. Oso garai dardartiak izan ziren eta honelako garaia nahi nuen nire nobelarentzako. Gerra garaian jendea atzetik aurrera zebilen, etxean, galduta, ezer gabe eta miseria gorrian.
- Zergatik erabaki zenuen protagonista emakumea izatea?
- Pirata nobela gehienak mutikoei zuzendutak daudelako. Neskei zuzendu nahi nien nik istorioa. Inesa bera den moduan agertzen da, krudel eta maitagarri. Sexuaren konfliktua nola bizi duen azaltzen da nobelan, neskatxo izanik mutil bezala jantzita agertzen da. Bularrak haziko zaizkio, hilekoa izango du baina bera mutila da. Hori guztia materia literario gisa erabili nahi nuen.
- Lehen parte honen jarraipena idazten ari zara?
- Hasita dago, baina lan askorekin nabil orain. Sautrela programarekin jarraitzen dut, zortzigarren urtea da aurtengoa. Gainera, Jatearen egiak izeneko programa batentzako hamahiru kapitulu grabatu ditut. Alimentazioari buruzko saioa da eta maiatzaren 9an hasiko da telebistan. Bestalde, ordu beteko pelikulak ari naiz egiten bost sukaldarirekin eta interneten nabil baita ere, blogetan idazten.