ANTZUOLA. DV. Oñatiko Ikusi-makusi taldeak Nos vamos de vacaciones antzezlana emango du Olaran etxean gaur arratsaldeko seietan. Antzuolako jubilatu elkarteak antolatu du saioa, baina horrek ez du esan nahi ikustera eurak bakarrik joan ahal izango direnik. Herritar guztientzat egongo dira zabalik ateak.
Rosi Lucas, Ana Mari Chacón, Carmen Maiztegi, Teresa Zubia, Carmen Goitia, Ana Mari Liziaga, Asun Arzuaga, Cruz Odriozola, Josefina Martín eta Ángel Agirre, hamar lagun, dira Ikusi-makusi taldeko kideak. Duela hiru urte osatu zuten Ikusi-makusi eta gogor segitzen dute. Oñatiko Santa Ana antzokian eta Eskoriatzan eman berri dute Nos vamos de vacaciones.
Iaz ere izan zen Ikusi-makusi Antzuolan, beste antzezlan batekin: En dos palabras, im-paciente.
Dantzari Eguna
Oinarin taldeak gogor dihardu lanean zapatuan, etzi, ospatuko den Dantzari Eguna prestatzen. Eskualdeko bost taldek hartuko dute parte ekitaldian: Arrasateko Arrostaitz eta Lore Gazteak, Oñatiko Oñatz, Soraluzeko Urrats eta Antzuolako Oinarin. Txandaka antolatzen dute Dantzari Eguna herriok eta aurten Antzuolari dagokio aurrera eramatea.
Zapatuko goizeko hamar eta erdietan egingo zaie harrera taldeei eta ondoren hasiko da kalejira.
Herriko Plazan bi dantza saio eskainiko dira, eguerdiko ordu bata laurden gutxiagotan lehena eta arratsaldeko seietan bigarrena. Talde guztiek hartuko dute parte bi ekitaldiotan, bakarka zein elkarrekin.
Talde bakoitzak, izan ere, bere dan-tza bereziak ditu. Errepertorio zabala da, hamabost piezakoa. Dantza gustuko dutenek egun ederraz gozatu ahal izango dute An-tzuolan.