DONOSTIA. DV. Iñigo Aranbarrik Zulo bat uretan plazaratu du, bere bigarren eleberria. Memoria eta historiari buruzko nobela da, protagonistetako bat antropologo-forentsea delarik; Itoizko urtegiak azpian harrapatu behar duen kanposantu bateko gorpuzkinak atera behar ditu, beste toki batean ehorzteko. Eta narratzailea kazetari bat da, «kazetari etiko bat, aldioro konprometitu beharra sentitzen duena», atzoko aurkezpenean idazleak esan zuenez.
Iñigo Aranbarri (Azkoitia, 1963) poesia eta saiakerazko liburuak idatzi izan ditu batik bat. Oraingoa hamabigarrena du, eta eleberrietan bigarrena. Aurrekoa Emon biar yako da, 1994an aterea. «Haren aldean, hau oso desberdina da -esan zuen Aranbarrik-. Elkarrizketek beste aire bat ematen diote liburuari. Errazago irakurtzen da».
Liburu oso trinkoa egin nahi izan du Aranbarrik: «Sobran dagoen guztia kendu dut. Historia honekin 600 orrialdeko liburua egingo luke beste batek».
Zulo bat uretan du izenburu liburuak, eta hainbat zulo edo hu-tsuneri buruz dihardu azken batean. Batetik, Itoiz aldeko kanposantuko zuloak daude, paraje haietan bizi eta hildako lagunen zuloak. Bestetik, kanposantu hartan, ez barruan baizik eta extramuros, gorputz bat dago ehortzita, 1940ko hamarkadako maki batena, poliziekiko borrokaldi batean hildakoa. Eta, gainera, Maite Andueza antropologo-forentsearen laguntzaile ari den Oscar izeneko gizona dago. Argetinatik -militarren diktadura garaian horrenbeste lagun bortizki desagertutako lurralde hartatik- lan bila etorritako gizon hau, berriz, gerrilari jardundakoa da montoneroekin eta aitona gerra-marinela izan zuen 1939an, Graf Spee korazatuan. Aranbarri nazien itsasontzi sonatu hartaz baliatu da eleberriko adarretako bat osatzeko.
Narratzailea Imanol Arellano izeneko kazetaria da. «Ez da oso orijinala kazetari bat izatea narratzailea. Nik kazetari etiko bat behar nuen. Historiaren eta memoriaren arteko bereizketa egiten irakatsi dit Imanolek», jarraitu zuen Aranbarrik.
«Istorio bat kontatu beharra neukan eta obsesio bihurtu zi-tzaidan. Hezurrak hasi ziztaizkidan deika orain dela hamahiru urte, Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak azaldu zirenean. Jose Luis Otamendi eta biok haraino joan ginen, baina gero ez nintzen gauza izan lerro bakar bat idazteko ere. Gero, 2002an, irakurri nuenean Itoiz aldeko kanposantu hartatik gorpuzkinak atera behar zituztela, berriro deika hasi zitzaizkidan hezurrak», aitortu zuen idazleak.