AZKOITIA. DV. Giro bikaina izan zen igande goizean Gurea pilotalekuan Atano III. txapelketako finaletan. Hamar partida jokatu ziren guztira, horietako bi neskenak izan zirelarik.
Lehendabiziko partida 7-8 urteko neskena izan zen eta oso partidu polita jokatu zuten Josune Etxebeste eta Malen Bastarrikak. Azkenera berdindurik iritsi ziren, eta tanto borrokatu batzuen ondoren Malen atera zen irabazle 16-14. Ondoren, adin bereko mutilak irten ziren kantxara. Iñaki Azkoitia eta Jagoba Urangak partida polit bat jokatu zuten eta azkenean Jagobak 16-12 irabazi zion Iñakiri. 8 urteko mutilen finalean, Ion Oteiza eta Julen Olaizolak hartu zuten parte. Hasieran Ion nabarmendu zen eta alde polita atera zion Juleni. Jarraian, partida berdindu zen eta oso tanto politak ikusi ziren. Bukaeran Ion Oteizak irabazi zuen 16-10.
Ondorengo finala 9 urtekoena izan zen eta ez zen berdintasun handirik egon. Xabier Azkoitiak 16-5 irabazi zion Aitor Azkoitiari. Xabierrek nagusitasun osoa erakutsi zuen. Goizeko partidu borrokatuena Patxi Bastarrika eta Alvaro Condek jokatu zuten. 10 urteko pilotari gazte hauek oso ondo jokatu zuten eta ez zen erraza nabarmentzea nork irabaziko zuen. Azkenean, Patxi nagusitu zen 16-14. Berriro ere neskak atera ziren pilotalekura. 10-12 urte bitarteko Saioa Murua eta Maria Garate izan ziren finala jokatu zutenak. Partida borrokatua izan zen eta Maria suertatu zen garaile 16-13. 11 urteko mutilen finalak ez zuen faboritu nabarmenik hasi aurretik. Igor Zubeldia eta Lur Goenaga ziren jokatu beharrekoak eta kontuan izanik bien gaitasunak, partida borrokatua espero zen. Ez zen horrelakorik gertatu eta Igor Zubeldia erraz nagusitu zen 18-6. Ondorengo partiduan ere berdintsu gertatu zen. Asier Unanuek 18-7 irabazi zion Imanol Lasari 12 urtekoen finalean. Imanol Lasak ez zuen bere betiko maila erakutsi, eta Asier Unanuek serio jokaturik partida bereganatu zuen.
Bi lehengusuen artean jokatu zen 13 urtekoen finala. Ion Juaristi eta Aitor Juaristi izan ziren partaide. Nabarmendu zitzaien Atanotarren kasta hori. Ondo jokatu zuten biek, baina Ion suertatu zen garaile 18-7.
Txapelketari amaiera emateko Julen Berasategi eta Igor Txurruka kantxaratu ziren. Txukun jokatu zuten biek baina azkenean Igor Txurruka elgoibartarra nagusitu zen 18-5.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkie Euskadiko Kutxa eta Azkoitiko Udalari ematen duten laguntzagatik. Kontuan izan datorren urtean 25. edizioa izango dela.