ARRASATE. DV. Arrasate-San Andres Xake Elkartekoek Gipuzkoako Ligako azken jardunaldia jokatu zuten. Beraien aurkaria Andoain zen eta etxekoek garaipena lortu zuten 0.5-3.5 emaitzarekin.
Tauletan Luis Angel Ortegak, Fernando Ortegak, Txema Hernandok eta Asier Etxagibelek jokatu zuten. Oso ondo jokatu zuten laurok, hala ere, garaipenak ez du ezertarako balio izan Euskal Ligara igotzeko bidean.
Zarauztarrek ez zuten arriskatu Mundarroko taldearen aurkako norgehiagokan eta berdinketa lortu zuten (2-2). Astigarragako taldeak ez zuten ezer jokoan, sailkapenaren erdian zeuden eta. Josu Tornay, xake elkarteko ordezkeariaren esanetan, Mundarro taldearen jarrera konformista honek ez zion mesede egin arrasatearrei, zarauztarrak aurreratzeko eta ondorioz Euskal Ligara igotzeko edozein aukera kendu baitzioten.
Gauzak horrela, arrasatearrak kategoriako azpitxapeldunak izan dira, beraz Zarauztarrek gozatu dute garaipena eta kategoria aldatzea.
Beraz, sailkapenean Zarautz imposatu da 29.5 punturekin, Arrasate bigarren postuan geratu da 28.5 punturekin eta hirugarren Easo B 27 punturekin.
Denboraldi ezin hobea
San Andres Xake Elkarteak ez du Euskal Ligara igotzeko zorterik izan, baina denboraldia oso ona izan dela adierazi digute, uste baino hobeagoa alegia.
Aurreko urtean, gutxigatik bazen ere, Euskal Ligatik jaitsi ziren, bost urtez kategoria horretan egon ostean. Arrazoirik garrantzitsuena betiko taldea osatzeko zailatasuna izan zen. Are gehiago, harrobitik ez zuten ordezkorik. Aurten arazoa berdina izango zelakoan, taldeak ondo funtzionatu du eta azken txanda arte igotzeko aukerekin ibili dira.
Taldearen aurrerapen honek inkorporazio berriak ekarri ditu.
Azpimarratu beharra dago Asier Etxagibelen lana. 15 urteko xakelari arrasatearrak lehen aldiz jokatu du lehen taldearekin eta oso ondo egin du bere lana laugarren eta hirugarren tauletan.
Beste alde batetik, Ramon Sebastianek, Javier Lariosek eta Fernando Ortegak ere lan bikaina egin dute denboraldian. Eta azkenik, Luis Angel Ortega, Josu Tornay eta Txema Hernando hirukoteak, irregularragoak izan dira, baina goiko tauletan egon beharrak ere bere zailtasunak sortzen ditu, jokalari onenen aurka jokatu beharra dago eta.
Denen lana aipagarria izan behar da, denak batera lortu baitute eta azpitxapeldun izatearen postua.Ez da gutxi.
Beste kategoriak
Arrasate-San Andres B-k eta C-k ere ondo bukatu dute aurtengo denboraldia. B taldeak irabazi egin du azken norgehiagoka Gros D taldearen aurka. Emaitza 1.5-2.5ekoa izan zen. Sailkapenean seigarren postuan geratu dira 24 punturekin.
C taldeakoek ere garaipena lortu zuten aurreko astean. 1-3 irabazi zuten Fortuna D taldearen aurka. Hauek, laugarren postuan geratu dira 16 punturekin.
San Andres C-k, oso denboraldi ona egin du. Azken jardunaldira arte ere igotzeko aukerekin egon dira. Laugarren postuan geratu dira eta lehen hirugarrenak igotzen ziren kategoriaz.
Azkenik, D taldekoak daude. Hauek, lehen fasetik ez dira pasatu, baina kontutan izan beharra dago jokalari gazteak eta xake munduan berriak zirela. Beraz, sailkapenaz aparte, oso ondo moldatu dira.