SEGURA. DV. Santa Engrazi auzoko ermitan urteroko festa ospatu zen atzo goizean. Beste urte batez, haziak bedeinkatzeko erritoak baserritar ugari bildu zituen Seguran dagoen XII. mendeko ermitan. Giro ederrean egin zen udaberriarekin lotura duen jaia.
Eguzkitsu esnatu zen igandea eta eguraldiak ere lagundu zuen erromeriari edertasuna ematen. Eguerdiko 12:00ak baino minutu batzuk lehenago herritar asko ikus zitekeen oinez hirigunetik beherantz Santa Engrazirako bidea egiten, eta ermita inguruan ere kotxez beterik ziren errepide bazterrak. Eliz atarian, berriz, haziz betetako saskitxoak mahai gainean txukun zeuden jarrita, bi ur ontziren alboan, apaizak bedeinkazioa noiz hasiko zain. Soro eta baratzeetan ereiteko mota askotako landare haziak eraman zituzten baserritarrek atzokoan. Artoa eta babarrun haziak izaten dira ohizkoenak, baina azenarioak, lekak, ilarrak edo beste hainbat produktu ere ikus zitezkeen atzo ermitaren atarian. Jose Manuel Ormazabal sakristauak bi ur ontzi jarri zituen bedeinkatutako ura nornahik etxera eramateko, baina uzta oparoa lortzen laguntzeko asmoz, askok eramaten dute saskitxoetan baserrietan duten iturburuetako ura.
Jose Luis Agirretxe parrokoak egin zuen erritoa, Isidro Arrondoren laguntzarekin. Ura bedeinkatu zuen lehenengo, gero gatza, eta biak nahastu ondoren, erramu adar batekin bedeinkatu zituen haziak eta lurrak. Erritoa ermitaren kanpoaldean egin zen, jaiak izadiarekin duen harremana adierazteko. Elizkizunak ermita barruan izan zuen jarraipena azken urtean zehar auzoan hil direnak oroituz. Festari amaiera emateko mokadutxo bat dastatzeko aukera izan zuten bertaratuek, Sakristau Etxe baserriko Ormazabal sendikoek Udalaren laguntzaz zerbitzatu zutena.