TOLOSA. DV. 2007ko ekainean Usurbilgo Lanbide Eskolak hitzarmen bat sinatu zuen bost erakunderekin (Eusko Jaurlaritza, Tolomendi, Itsasmendikoi, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Orexako Udala) proiektu bat martxan jartzeko. Proiektu horren helburua garapen iraunkorra lantzea, eta garapen iraunkor horren barruan, Orexako herria sustengarritasun energetikoaren eremu bihurtzea da. Aste honetan Tolosan ospatu diren Naturaldia jardunaldien barruan, Usurbilgo Lanbide Eskolako Xabier Estebanek proiketu honen inguruko xehetasunak eman ditu.
«Ez da helburu erraza», argi utzi nahi izan zuen lehenik eta behin Estebanek, «baina iruditzen zitzaigun merezi zuela herri txiki batekin hastea, batez ere, erraztu egiten duelako bertako biztanleekin eta agintariekin lan egitea. Gainera ikusten genuen Orexak politika aldetik segurtasun bat eskaintzen zigula, eta horrek gauzak asko errazten ditu edozein proiektu aurrera ateratzeko garaian».
Kontsumoaren azterketa
Proiketu honen lehenengo pausoa Orexako energia kontsumoa aztertzea da, udal eraikinetakoa, eraikin pribatuetakoa eta jarduera ekonomikoei dagokiena, eta aldi berean, hiru eremu horietan dauden energia berriztagarrien aukerak ikustea. «Udal eraikinetan, argiaren, uraren, kontsumoa neurtuko dugu. Pribatuetan, berriz, inkesta bat pasa dugu informazio hori jasotzeko, eta horren bidez neurtu dugu etxe pribatutetako kontsumoa. Eta azkenik, herrian dauden jarduera ekonomikoak aztertu eta beraiekn ere lanean hasi nahi dugu. Momentuz, gaztandegi bat eta ardi kooperatiba bat bakarrik daude. Beraz, horiekin hasiko gara».
Behin energiaren kontsumoa aztertu eta ezagututa, hurrengo pausua eraginkortasunarena da. «Energia non eta nola aurreztu dezakegun aztertuko dugu» Xabierrek azaldu zuenez, energia aurrezteko bi modu daude. Batetik kostua duten moduak genituzke, hau da, diru bat kostatzen direnak, esaterako, kontsumo baxuko bonbilak erostea, ur emariaren erregulatzaileak jartzea, biomasazko galdarak jartzea, ibilgailu eraginkorrak (hibridoak,...) erabiltzea,...
Baina batere dirurik kostatzen ez zaizkigun beste hainbat bide ere baditugu eskura energia aurrezteko: ur txorrota itxi, behar ditugun argiak bakarrik piztu,.. «Nik uste dut ohituegiak gaudela hauek entzutera, eta horregatik agian ez dute eragin handirik izan. Azkenean, doaneko moduekin guk energia aurreztu dezakegu gure kabuz, esaterako, txorrota itxiz hortzak garbitzen ari garen bitartean. Hauek kosturik ez duten ohiturak dira. Gertatzen dena da, asko kostatzen zaigula horrelako gauzak buruan sartu eta lantzea».
Energia iturriak
Proiektu honen beste pausu bat Orexan dauden energia iturriak aztertzea da, gehienbat, eguzkia, haizea, ura, biomasa eta energia geotermikoa. «Behin energia iturri horiek aztertuta, energia berriztagarrien instalazioak proposatuko ditugu», azaldu zuen Estebanek. «Eguzkia aprobetxatuz, energia termikoa eta energia fotoboltaikoa proposatuko ditugu, batekin beroa lortu dezakegu, eta bestearekin energia elektrikoa. Haizeraren bidez ere energia elektrikoa lortu dezakegu. Biomasaren bitartez, berriz, ur beroa edo berokuntzarako ura. Azkenik, energia geotermikoa genuke, ur azaleko beroa lapurtu eta eraikinaren barrura bidaltzea, esaterako, berokuntza sistema baten bitartez, etxea berotzeko».
Herritarrek proiektu honen berri izan zezaten, aurkezpen bat antolatu zen herrian, eta ondoren, Usurbilgo Lanbide Eskolara joan ziren orexatarrak, bertako instalazioak ikustera. «Energia berriztagarriei buruz hitz egiten dugunean jende askori energia eolikoa etortzen zaio burura, honek eskatzen dituen tramankulu handi horiekin, eta horrek jendea atzera botarazten du. Herritarrak gure eskolara joan zitezen nahi izan dugu bertan instalazioak txikiak edo gehienez erdi-mailakoak direla ikusteko aukera izan zezaten. Helburua energia sorztea da, eta ez energia saldu eta horrekin negozioa egitea. Hori garbi gera zekieken nahi genuen».
Behin herritarrei energia berriztagarrien inguruko azalpen guztiak emanda, orexatarrek talde bat osatu zuten, eta etxez etxe ibili dira horietako bakoitzeko energia kontsumoa zenbatekoa den ikusten (zenbat bonbila, nolakoak, zenbat denboran piztuta...).
«Horren ondoren, energia iturrien azterketari ekin genion», adierazi zuen Xabierrek. «Eguzkiarena egin dugu, haizearena gutxi gora-behera ere bai, biomasarena lantzen ari gara, bai baitakigu herritarrek biomasa erabiltzen dutela, eta azkenik, energia fotoboltaikoarekin hasi gara, eguzki indarra aprobetxatuz energia elektrikoa sortzeko».
Herritarren partaidetza
Xabierren iritziz, orain arte egindakoak eman duen ondorio positiboenetako bat herritarren partaidetza izan da, «zoriontzeko moduko talde bat sortu delako». Bestetik energia berriztagarri iturri bikainak omen dituzte Orexan: haizea dezente, eguzki aldetik ere primerako baliabideak, egurra zer esanik ez, eta lur asko dutenez, geotermia ere landu omen daiteke.
«Herritar hauek ohitura sustengarriak dituzte, eta hori zoriontzekoa da», gaineratu zuen Xabierrek. «Esaterako, hirietan etxean 23 gradutan beso motzean ibiltzen gara; herri hauetan, aldiz, jertsea jantzi eta 19 gradu inguruan edukitzen dituzte etxeak, eta horrek, garbi dagoenez, energia aurreztea dakar».
Amaitzeko, gakoa eraginkortasunean dagoela adierazi zuen Xabierrek. «Energia berriztagarriak primerako baliabidea dira, baina egin behar duguna da ahalik eta eraginkortasun maila altuenetara iritsi, hau da, ahalik eta energia gehien aurrezten saiatu. Eta horra iristen garenean, orduan hasi energia berriztagarrien bitartez beharrak asetzen. Baina gakoa eraginkortasunean dago, horixe da garapen iraunkorrerako bidea».