GETARIA. DV. Bigarren erregional mailako igoera faseari amaiera emateko sei partida soilik falta direnean, Getariako Keta futbol taldeak arerio zuzena duen Mondragon B taldearen aurka jokatuko du bihar, norgehiagoka Orioko Mendibeltz futbol zelaian izango delarik bihar arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Mondragon B taldea, sailkapeneko hirugarren postuan da, getariarrek baino puntu bakar bat gehiagorekin. Oso aurrerapausu handia litzateke beraz Ketakoentzat, partida hau irabaztea, honek, igoera postuetan sartzea suposatuko baitie. Gainera, kontuan izan behar da, joaneko partidan Arrasaten, 5-3 nagusitu zirela arrasatearrak getariarrei, epailearen erabakiak eta getariarren punteri falta erabakiorrak izan zirelarik. Honenbestez, gol-average partikularra ere jokoan izango da larunbatean, Ketakoek bi golen aldeaz irabaztea nahi dutelarik. Izan ere, denboraldi amaieran, sailkapenean puntu berdinekin bukatuz gero, elkarren arteko partidetako golek aldeak erabakiko du balantza. Ketako jokalariak beraz, oso kontziente dira larunbateko partidaren garrantziaz eta gogor eta gogotsu ari dira entrenatzen eta partida prestatzen
Orain arteko laguntza eskertzeaz gain, taldeak (zuzendaritza, entrenatzaile, jokalari) bereziki dei egiten die getariar guztiei bihar taldea animatzera Oriora gertura daitezen, holako partidetan erabakiorra suertatzen baita askotan publikoaren laguntza eta parte hartzea. Bestalde, bihar goizean ere postua jarriko dute taldekideek, hau izango baita Errealaren kamisetaren zozketan parte hartzeko boletoak erosteko azken eguna. Errealeko jokalari denek sinatutako kamiseta eguerdian zozketatuko dute Berdura Plazan bertan. Beraz animatu guztiok eta zorte on!