USURBIL. DV. Usurbil Gipuzkoa osoko bertsozaleen bilgune bihurtuko da igandean. Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunaren laugarren edizioa ospatuko da herrian eta egun osoan zehar Gipuzkoako bertso eskola desberdinetatik etorritako gaztetxoentzat egun osoko egitaraua prestatu du Bertsozale elkarteak.
'Bizi-eskola, bertso-eskola' lelopean ekintza ugari izango dira egun guztian zehar. 10:30ean herriko plazan elkartuko dira guztiak; behin neska-mutil guztiak batuta kamisetak banatu, eta taldeak osatuko dituzte. 11:00etarako jinkana antolatuta dago, eta bazkaria, aldiz, herriko pilotalekuan 14:00etan -bakoitzak bere ogitartekoa eraman beharko du-. Oskar Estangaren kantaldia izango dute bazkal ostean.
Indar berrituta, arratsaldeko saio bereziak 16:00etan hasiko dira. Bi talde bereiziko dira: 14 urtetik beherakoak Udarregi ikastolako aretoan bilduko dira; Uxue Alberdi eta Jon Maia izango dira bertsotan, eta Unai Gaztelumendik marrazkiak inprobisatuko ditu horiek kantatzen duen heinean. Saioa Kike Amonarrizek gidatuko du. 14 urtetik gorakoentzat, aldiz, Sutegiko areto nagusian Gu Ta Gutarrak taldearen kontzertua eskainiko da, Igor Elortza eta Unai Iturriagaren eskutik. Honela, bi orduren ondoren, 18:00etan, autobusa hartu eta bakoitza bere etxera itzuliko da.
Festa hau duela lau urte abiatu zen Gipuzkoako Bertso-Eskolen Sareak eta Elkarteak bultzatuta, bertso-eskolak indartzeko proiektu zabal baten barruan. 2005ean egin zen lehenengo Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna Villabonan, Oiartzunen izan zen hurrena, eta Oñatin azkena. Edizio berrian, aldiz, laugarrenean, Usurbilen izango dira. Bertso Eskoletan burubelarri lanean dabiltzan neska-mutilei mugimendu zentzu hori ematea dute helburu. Ikustaraztea ez direla bakarrak, asko direla honetan dabiltzan neska-mutilak.
Pasa den asteartean Koldo Mitxelena kulturunean egin zuten aurkezpenean eman zuten egun honen berri eta Andoni Egaña bertsolariak aurtengo leloaren nondik norakoak agertu zituen. «Bertso Eskola bizi eskola izan da, bai; jardunaldi hauen goiburu hala jarri dugu sinesten dugulako Bertso Eskola aisialdirako garrantzitsua dela». Honela berretsi zuen aurrez esandakoa, bertsotarako ez ezik Eskolak «bizitzarako eskola» ere badirela nabarmenduta».
Hori arrazoitzeko zer gaineratu zuen. «Hasteko, taldean egiten delako lan, eta gaztetxoak taldean lan egitera ohitzeak badu garrantzia, taldean aritzeaz gain, lan pertsonala ere ezinbestekoa delako. Beraz, lan pertsonala eta taldekoaren arteko oreka horiek lantzen ikasteko, uste dugu toki egokia dela Bertso Eskola».