OÑATI. DV. Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeak Ez dok hamairuri buruzko jardunaldiak abian jarriko ditu gaur. Mugimendu honen eragina ez zen nolanahikoa izan. Frankismoaren azken urteetan, nahiz eta oraindik zapalkuntza gertatzen ari zen, halako berpizkunde kultural bat sortu zen. 1966tik 1972 urtera Ez dok hamairuren inguruan musikari eta beste artista batzuen talde bat osatu zen eta eragin handia izan zuen. Ondorioak nabariak izan ziren, jendearen barrenak mugitu zituen eta haien sentsibilitatea ikutu zuen.
Gaur, arratsaldeko zazpiretan, Zazpiri Bai taldea izango da mintzagaia Santa Ana antzokian. Ez dok hamairu desegin zenean, bi talde sortu ziren. Bata Zazpiri Bai izenekoa, bertan Benito Lertxundi, Ugutz Robles etab. ibili ziren. Beste adar batean, Ikimilikilikliken inguruan Mikel Laboa eta Artze anaiak mugitu ziren. Bada, Manex Pagola, Pantxoa Carrere eta Pello Ospitalek talde haren ibilbideaz hitz egingo dute. Horrez gain, Pantxoak eta Pellok kantu batzuk abestuko dituzte. «Iparraldea ahaztu egiten da askotan eta nolabait hura gogoan izateko modu bat da. Handik nola bizi zuten egoera kulturala, soziala etab. jakin nahi dugu» adierazi dute Elkar Heziko kideek.
Bigarren mahai-ingurua bihar izango da. Euskal kantagintzaren eta olerkigintzaren bide uherretatik haratago esperantzarik ote? Galdera horri erantzuten saiatuko dira Benito Lertxundi kantaria, Pako Aristi idazlea eta Jose Luis Treku Oskarbi taldeko kidea. Musikariek olerkiak nola txertatzen zituzten beraien kantuetan azalduko dute parte hartzaileek. Oskarbi taldekoek kantutegiaren tradizioa berreskuratu zuten, baita kanta berriak sortu ere eta kantu haietako batzuk eskainiko dituzte.