Joxerra Garziak Jendaurrean hizlari izenburuko liburua plazaratu du, Alberdania argitaletxearen bidez. Jendaurrean nola hitz egin behar duen irakasten duen liburua da, eta idatzizko testu indartsuak sortzeko balio du baita ere. Liburu teoriko-praktikoa da eta hainbat ariketa dakar.
- Orain arte idatzizko jakintzak izan du prestijioa. Baina batzuk jabe-tzen hasiak dira ahozkotasunaren garrantziaz.
- Bai, jendea konturatu da jadanik ahozkotasunaren garrantziaz, baina eskola bezalako instituzioak bere ohiko parametroetatik mugitzea zaila da. Guk txikitan harrapatu dugun eskola zera izan da: ikaslea beti mutu; hitz egin, irakasleak bakarrik.
- Sintomatikoa da zu bezalako irakasle soil batek egin izana horrelako lana. Izan ere, hau da lan bat aspaldi instituzioren batek egina behar zuena.
- Nik uste dut baietz. Hutsune bat zegoen. Errealitatea halakoxea da: ikusi behar da azken urteotan non ematen ari naizen ikastaroak, ematen ari naiz Berritze Guneetan, HABE, Abokatu Kolejioak, Unibertsitateak. Horko irakasle, abokatu eta abarri inork ez die eman ahozkotasuna lantzeko modurik. Ikaragarria da. Baina hutsunea hain dago hedatua... Hutsunea dago DBHko neska-mutikoen artean, baina hauei eskolak ematen dizkieten irakasleak ere ez dira trebeago. Abokatu eta lizentziatu berriak ere hankamotz daude, eta Iraleko irakasleak. Nik egin dut oinarrizko liburua, eta hemendik aurrera eztabaidatu dezagun nola partitu lana: zer egin behar duen eskolan ume txikiekin, zer egingo dugun DBHn, zer egingo dugun unibertsitatean. komunikazio gaitasuna ez baita bukatzen. Orain, Mintzola dela-eta, tokatu zait politikariekin egotea, eta esan diet kontuz ibiltzeko, oraingo honetan eskatzen duguna ez dela dirua; 30 milioi eskura emanda, ez dakit zer egin, nik ezin dut bakarrik jarraitu eta hemen gaitu egin beharko da jendea.
- Gaurko egunean ze jende ari da estrategia komunikatiboak irakasten? Nork irakasten die arlo hori Obamari edo Ibarretxeri ?
- Politikarien kasuan aholkulari asko dabiltza atzetik eta testuak, gutxi-asko, garantizatuak dituzte. Eta gero arauak hausten dituzten politikariak eta komunikatzaileak badaude; azken batean, teknika batekin lortu daiteke estandar minimo bat; baina estandar minimo horretan oso inportantea da norbera den bezala agertzen delako itxura egitea. Hau da, lortzea norberaren naturaltasun marka. Eta marka pertsonal hori, berriz, lor daiteke arauak hautsita, baldin eta eduki sendo bat baduzu . Jordi Pujolen kasuan ari naiz pentsatzen.
- Itxura desastrosoko gizona, horratik.
- Ebakera ere desastrosoa dauka. Arnas kolpeka hitz egiten du. Baina azken batean jendeak pertzibitzen duenean pertsona horrek esaten ari dena baino gehiago dakiela, orduan onartu egingo du. Garaikoetxea bera ere, zurrun samarra zen esateko moldeetan, baina hari ere igartzen zitzaion esaten ari zenaren kontestua ere berak gobernatzen zuela. Adibide partikular bat jarrita: Hitzetik hortzera. Nik beti pentsatu izan dut ETB aritu nintzen garaian ez nituela inondik inora betetzen liburu honetan esaten diren arauak, baina bentaja bat neukan: luzaroan egon nintzela eta trasmititzen nuela esaten ari nintzenaren gustoa, entusiasmoa nabaritzen zitzaidala eta kutsatzen nuela.
- Xabier Leteren kasua ere aipatu izan duzu.
- Beti esan izan dut gehiago gozatzen nuela kasik kantutik kanturako hitz egiteko modu horretan, kantuan berean baino. Kantari batzuek, berriz, ez diote behar bezalako garrantzia ematen horri, eta kantuaren bidez lortu duten klimax hori hausten dute gero. Letek, berriz, ez du debalde hitz egiten, bai edukiz eta esateko moldez oso ona da; euskarazko munduan ezagutzen ditut zuzenagoak -euskara batutik begiratuta- baina egokiagoak oso gutxi.
- Zuzentasuna eta egokitasuna. Alde horretatik Joxean Tolosa har dezakegu hizpide.
- Nik liburuan kontatzen dut, Gernikako nire lagun bat eta bere aita, erosoena, Joxean Tolosari en-tzunda sentitzen direla. Azken batean eztabaida faltsu batean murgildu izan gara: euskalkia benetakoa denean, sen-senekoa, azkenean beti topatuko du beste euskalkiekin lotura. Arazoa besterik da: euskarazko itxura eta erdal arima daukan ahozko edo idatzizko jarduna. Eta horrelako asko dago gure hedabideetan.
- Diozunez, komunikazioaren alorrean ez dago naturaltasunik. Estrategia dago beti oinarrian.
- Berez natural dena, jarioa da. Batzuek sekulako abildadea daukate alde horretatik. Baina jendaurrean natural agertzeko, aurretik artifizio guztien proba egin behar da. Guk irratian, kalean hitz egiten dugun bezala hitz egingo bagenu oso antinatural izango litzateke.
- Polita litzateke, noski, zure liburu hau hainbaten testu-liburu edo esku-liburu bihurtzea eta jende askok egitea hor proposatzen dituzun ariketak.
- Badakit Irale batzuetan hasi direla erabiltzen. Nik neuk erabiltzen dut liburua, unibertsitatean gauza hauek irakasten ditudalako. Egia esan, aurreko batean, nahiko lotsaz, liburua gomendatu nien ikasleei.
- Gaur, Anjel Lertxundik pankarta batean ikusitako esloganez jardun du bere zutabean. Esadazu zuk topatutako eslogan eraginkor batzuk.
- Jendeak gogoan dituenak izaten dira onak. Adibidez, gure adinekook gogoratzen dugun bat: «Ez merkeenak, bai onenak». Fanderiko pentsuen publizitate--eslogana zen. Hor arazo jakina dago: publizitate agentzia gehienetan, euskaldunen presentzia hutsaren hurrengoa da eta prozesu guztia erdaraz egiten da eta, azkeneko momentuan euskaratu egiten da euskaratu beharrekoa. Nik, Publis agentziak eskatuta, egin izan ditut lanak; etortzen zaizu erdarazko hitz-joko bat eta gainera alderdi grafikoa erabakita. Adibidez: «No me tomes el pelo» eta, irudian, ikusten da esku bat ileari helduta. Zer jarri behar duzu? «Ez adarrik jo?» Horrek, publizitarioki, ez du pitorik balio. Liburuan aipatzen dut eslogan bat -«Haizea dakiten orriak»- Jakin aldizkariarenzat sortua. Eslogan ona, oso kondentsatua, gertatzen dena oso euskal mundukoa dela.