ZESTOA. DV. Kale antzerkia izan zen protagonista atzo Usurbilen eguerdiko 12:00etatik aurrera. I. Kale Antzerki Eguna ospatu zen eta eguraldiak bederen bere laguntzatxoa eskaini zuen atzokoan. Herriko kaleak izan ziren atzokoan behin behineko antzokiak eta eguzkiaren epeltasuna behintzat eskertzekoa izan zen.
Pierre Vissier eta Dominika Rekalt clown zuberotarrek pilota partida batean parte hartuaz hasi zen Kale Antzerki Eguna. Herriko lau pilotari umoretsuen arteko lehia izan zen, baina tartean hor ibili ziren bi clown hauek herriko frontoian bildutako ikusleen barre algarak sortuaz.
Ondoren frontoi atzera pasa zen festa. Izan ere, Aginagako umeak kantuan eta dantzan izan ziren hasieran eta ondoren Usurbilgo Txerriki taldeak Txarraka... show ikuskizuna aurkeztu zuen. Egun honetarako bereziki sortutako antzezlana izan zen herritar hauek frontoia atzean eskaini zutena eta ikusleak gustura egon ziren hauei begira.
Musika ere protagonista
Bazkalgaraian atsedenaldia hartu zuten antzezleek, baina tarte horretan herriko musika taldeak izan ziren hauen lekukoa hartu zutenak. Udaletxe aurreko plazan izan zen zer entzuna. Arratsaldeko 16:30etatik aurrera, berriz, kale antzerkiaren txanda izan zen berriz ere. 4 mimo taldeak Artzabalen 20 min. izeneko ikuskizuna aurkeztu zuen, Azulkillas taldekoak, berriz, Grabitateari bueltaka lanarekin gorputz geometrikoekin jolasten aritu ziren herriko frontoian arratsaldeko 17.00etan, aire akrobazia eta lurrean egindako saioen bidez grabitate indarrari aurre eginez eta Kolax pasaitarren eskutik Bixotzerrenak iritsi ziren.
Zarauztik etorri ziren Alproja taldekoak Aurki beraien antzezlana aurkeztu asmoz eta ondoren, Kaskoan zehar, meloi saltzaile familia bat bere kamioia lagun zuela hor ibili zen, Atikus talde nafarra izan behar zuen.
Azkenik, Hortzmuga talde bizkaitarrak Kaskotik Dema Plazara kalejira egin zuen gauerdiko 12:00etatik aurrera Usurbilgo I. Kale Antzerki Egunari amaiera eman asmoz.