ALKIZA. DV. Bisitari ugari izan ziren atzo Alkizan. Eguerdi partean Markel Olano, aldun nagusia, Eneko Goia, diputatua eta Jesus Argiñarena izan ziren herri ikusiz eta arratsaldean berriz, Euskal Herriko itzuliko protagonistak pasa ziren bertatik.
Lehen hitzordua garrantzitsutzat jo zuen Alkizako alkatea den Jon Rotetak. «Aukera paregabea izan da guretzat eta ez dugu galdu nahi izan aldun nagusiari gure herrian burutu nahi ditugun proiektuak aurkezteko».
Markel Olano eta bere taldeko bisita eguerdiko 12:30etarako iragarrita zegoen eta ateri zegoenez, aprobetxatu egin zuten Jon Roteta alkateak, Aitor Eizmendi, Koldo Jauregi, Jon Umerez, Joxe Mari Aranzabe, Beatriz Ruiz eta Ainara Zurutuza zinegotziek herrian barna buelta bat emanez Alkizako eraikuntzak eta plazatik duten bista zoragarria erakusteko. Baina aldun nagusiaren bisita, esan bezala, esku artean duten proiektutaz edo buruan dituztenak azaltzeko balio izan zien alkizarrei.
Rotetak esan zuenez «Alkiza handitzen ari den herria da eta gure beharak ere neurrian handitzen doaz». Esaterako gaur egun Alkizako eskola txikiak 12 urte bitarteko 28 ikasle ditu. Alkatearene sanetan «hurrengo bi urteetan 40 ume izatea pasako da. Kontuan izan behar da 2006 urtean Alkizan zortzi ume jaio zirela, 2007an bederatzi eta aurten dagoeneko jaio dira batzuk eta esperoan daudenak ere badira. Beraz, horrek esan nahi du eskola berria behar dugula gure herrian, gaur egungoa txikia geratu delako».
Herri eskola berria
Udal taldearen asmoa omen da egungo frontoian etorkizuneko herri eskola kokatzea «plaza ondoan dago eta toki egokia iruditzen zaigu. Horrela azaldu diogu aldun nagusiari. Herriak duen behar nagusietako bat da hau eta eraikitzeko dirua behar dugu, Alkizan dugun aurrekontuarekin ezinezkoa delako guretzat proeiktu honi aurre egitea».
Gaur egungo frontoian kokatuko balitz eskola, herriak pilotaleku berria beharko luke. Beraz, beste proiektu bat Alkizako herriarentzat. Momentuz alkateak dioenez «ez gara hasi proiektu honekin, buruan dugun zerbait da baina oraindik gauza asko lotu beharko ditugu eta ikusi».
Dena den, Rotetaren esanetan, «Alkiza bezalako herria batentzat beharrezkoa da frontoia, bat herrian antolatzen diren edozein ekintzaterako. Ez dugu bestelako eraikuntzarik jende asko biltzen denerako edo eguraldi txarra egiten dunerako».
Plaza ederra dute Alkizan, baina euria edo hotza egiten duenean ezer gutxi egin daitekela bertan esaten zuen Jon Rotetak «arrazoi horregatik ere uste dugu frontoi berri bat behar dugula Alkiza bizirik dagoen herria baita».
Jon Rotetan esanetan «Eskola herrian bertan izatea garrantzi handia izan duela uste dugu ekintza asko antolatzen baitira umeen inguruan eta horrek bizia ematen dio Alkizari. Orain, Alkizako plazara ateratzen zarenean jendea ikusten duzu, gurasoak umeekin. Horrek harremanak lantzeko lagundu die kanpotik etorri direnei eta baita herritarrei ere. Gainera, sortu den giroari esker batzuek eta besteek parte hartzeko asmoa erakusten dute zerbait antolatzen denean eta hori ona da denontzat».
Gaur egun Alkizak 350 bat biztanle ditu. Batetik biztanlegoaren kopuruak gora egin du azken sei urteetan egin diren etxeetara kanpoko jendea ere etorri delako «azken sei urteetan 34-36 etxe berri egin dira Alkizan eta baserri batzuk zatitu egin dira. Etxe berrietara batez ere, bikote gazteak etorri dira eta horiekin batera, edo ondoren, ume asko jaio dira. Horrek esan bezala, eskola handitzeko beharra ekarri du baina herriari bultzada ere eman dio».
Gizarte zentrua
Herriak izan duen bultzada horrek bestelako beharrak ere ekarri ditu herrira eta Markel Olanori aurkeztutako proiektuen artean Jon Rotetak azaldu zuen «Maixun etxean, gizarte zentru bat eraiki nahi dugu. Etxe horrek dituen hiru solairu erabiliko genituzke horretarako. Lurreko solairuan mediku kontsulta jarri nahi dugu. Medikua herria astean bi egunetan etortzeko eskaera egin behar dugu eta bertan kokatuko litzateke kontsulta. Ondoan, gela polibalentea egongo da. Lehen solairuan berriz, gizarte langilearen bulegoa egongo da, guraso elkartekoak erabiliko duen gela batekin batera eta beste batzuk bestelako erabilpenetarako. Hirugarren solairuan berriz, bi pisu tutelatu eraiki nahi ditugu», Proiektu honetarako 400.000 euroko aurrekontua du Alkizako Udalak «guk bakarrik ezin diogu aurre egin diru kopuru honi, beraz gaurko bisita aprobetxatu dugu dirulaguntzarik eskatzeko».
Hobi septikoa berria egiteko ere dirulaguntza behar dutela esan zuen Alkizako alkateak. «duela 25 bat urte egin genuen hodi septiko bat. Orduan zeuden etxe kopururako balio zion, baino gaur egun 115 etxebizitzetako ondakinak jasoko dituen hobi bat behar dugu eta esku artean dugun proiketurako 200.000 euro behar ditugu. Alkizak mailegu bat eska dezake diru kopuru horri aurre egiteko baina kontuan izanda, udaletxeko urteko aurrekontua 150.000 eurokoa dela kontuak zur jokatuta ere dagoeneko ditugun gastuetarako balio digu».
Beraz, hobi septikoaren proiektuaria urre egiteko ere dirulaguntza bat beharko luke Alkizako Udalak. Rotetan ustez «Aldun nagusiarekin hitz eta gero gustora gelditu gara. Jarrera ona erakutsi du gure eskaerak egiterakoan eta hauek bultzatzeko asmoa erakutsi du».
Markel Olanoren bisitarekin amaitzeko Herriko ostatun bazkaldu duten aldundiko eta udaletxeko ordezkariak. Bertan, Maria Jesus Alfonso prest zituen babarrunak eta baserrriko oilaskoa bazkaldarrentzat. Alkatearen esanetan «primeran atera zen dena, eskertzekoa da baita Maria Jesusek eskainitakoa bazkaria».
Gero, Euskal herriko itzuliko txirrindulariak ikusteko aukera izan zuten, aldun nagusiari agur esan aurretik Alkizan.